ES | EU


2015ko Abendua 01


Europako Erkidegoak bultzatzen duen Social Innovation Competition lehiaketak  bere 3. edizioko irabazleak jakinarazi ditu: Bosnia-Herzegovinako Apiform proiektua, Irlandako The Freebird, eta Frantziako Wheeliz ekimena. Aurtengo lehiaketaren leloa New Ways to Grow izan da, eta lelo horri jarraiki, lehiaketak helburutzat izan du berrikuntza sozialaren bitartez ingurumen, ekonomi eta gizarte hazkunde sostengarria sortzen duten ekimenak bilatzea. Proiektu irabazleek  proposatzen dituzten negozio-eredu berriak ekonomia kolaboratiboarekin, pertsona guztientzako irisgarritasunarekin eta zahartze aktiboarekin lotuta daude.

Apiform proiektuaren helburua da interesa duten guztiek aukera izan dezatela erle-hazkuntzan aritzeko, baita ere gurpildun aulkian daudenek edo mugitzeko eta zama altxatzeko zailtasunak dituztenek. Badira mugikortasun murriztua duten pertsonei erle-hazkuntza praktikatzeko aukera ematen dieten espazioak, baina laguntzarekin. Apiform ekimenaren atzean dagoen fundazioak, ordea, erlauntza berezi bat diseinatu du, hazkuntzarekin lotutako zeregin guztiak aulki batetik egin ahal izateko. Orain beren helburua da proiektua eskalatzea eta beste lurralde batzuetan erreplikatzea, Europako erle kopurua berrezarriko duen ekintzailetza sozialeko eredu bat aplikatuz.

Irlandako The Freebird Club bidaiatzearekin lotutako ekimen bat da, eta ekonomia kolaboratiboa du oinarritzat. Berdinen arteko plataforma bat sortu dute, eta erabiltzaileek aukera dute bidaiari bati beren etxeko logela bat alokatzeko zenbait egunetarako, edo alderantziz. Bada The Freebird Club beste espazio batzuetatik (Airbnb adibidez) bereizten duen elementu bat, 50 urtetik gorako pertsonentzat beraizik diseinatuta dagoelako eta osagai sozial handia duelako. Proiektuaren helburua da ostalari eta gonbidatuek denbora elkarrekin parteka dezatela. Erretiratuta dauden pertsona askorentzat lagungarria da bakarrik egon ez daitezen, eta baita ere diru apur bat irabaz dezaketelako beren pentsio txikiak osatzeko.

Wheeliz da hirugarren ekimen irabazlea. Partikularren artean autoak partekatzeko plataforma bat da, baina bereziki ibilgailu egokituei zuzendua. Sortzaileek azaldu dutenez, hiri askotako garraio publikoak ez daude egokituta gurpildun aulkia erabiltzen dutenentzat, eta taxian ibiltzea oso garestia da. Baina adibidez Frantzian 100.000 auto egokitu inguru daude. Wheeliz ekimenak proposatzen duena da aukera hori aprobetxatzea eta ibilgailu partekatuen flota bat sortzea partikularren artean alokatzeko.

Proposamen irabazle bakoitzak 50.000 euroko saria jaso du ekimena garatzen edo eskalatzen jarraitzeko. Social Innovation Competition lehiaketa 2012an egin zen lehen aldiz, eta helburutzat du erronka sozialei erantzuteko modu alternatiboak bilatzen dituzten ekimenak bultzatzea. 2016ko otsailean aurkeztuko dute hurrengo edizioa.