Hasi dira Hibrilaldiak, ez-ohiko lankidetza prozesuak

2015ko Iraila 29,

spri_innovacion_HibrilaldiakProcesosInnovacion
Hibrilaldiak erronkei konponbide berriak bilatzeko hibridatze prozesuak dira.

Hibrilaldiak ekimenaren xedea da elkarrengandik oso urrun dauden bi alderdi batzea: batetik, erakunde bat, enpresa bat edo kolektibo bat eta, bestetik, ingurune guztiz desberdinetako profesionalak. Elkarlan horren bidez, konponbideak bilatzen dituzte erakundeak planteatutako premia batentzat.  Sorkuntza prozesu horien bidez ideia berritzaileak plazaratu nahi dira, normalean elkarrekin lan egiten ez duten “ez-ohiko” profilen nahasketatik abiatuta.

Hibrilaldiak  Donostia San Sebastián 2016 ekimenaren markoan bultzatutako programa bat da, eta aste honetan abiarazi dute lehen deialdia. Parte-hartzaileek saio bateratuak egingo dituzte hiru hilabetez beren proiektuak garatzen hasteko, eta C2+i Conexiones Improbables metodologia erabiliko dute, erakundeen barnean aldaketak aktibatzeko.

Deialdi honetan parte hartuko dute, besteak beste, Ermua Mugi! ekimenak eta Fur Alle Falle erakundeak. Ermua Mugi! Ermuko Udalak bultzatutako programa bat da. Bizitzarako ohitura osasuntsuak sustatzen ditu, eta komunikazio estrategia berriak bilatzea da bere erronka. Fur Alle Falle kultur arloko produkzio-etxe independentearekin batera, hiritarrenganaino iristeko bide berriak sortuko dituzte, eguneroko bizitzan inplementatu daitezkeen ohitura errazak modu sortzailean erakutsiko dituzten ekitaldien bidez.

Hasiera gizarteratze zentroa eta Zaramari elkartea ere elkarlanean arituko dira, helburutzat harturik hirigintzaren inguruko kultur eta hezkuntza proiektuak garatzea. Prozesuak abiapuntutzat hartuko ditu “babeslekua” eta “birziklapena”  kontzeptuak, elkarrekin esploratzeko hiriguneko lokal batek izan ditzakeen erabilpen berriak. Bestalde, Gipuzkoako Teknologi Parkeko Ikasteam prestakuntza eta ikaskuntza taldeak eta Vivero de Iniciativas Ciudadanas berrikuntza sozialeko prozesuetan espezializatutako aholkularitzak ere Hibrilaldiak ekimenean parte hartuko dute. Bi eragileen arteko elkarlanaren bidez mapa afektibo bat sortzen saiatuko dira, campuseko kapital ukiezinak irudikatzeko, eta hala, sinergiak eta aukera espazioak ikusarazteko.

Bost saio egingo dira, eta emaitzak datorren abenduan aurkeztuko dira. Donostia San Sebastián Kulturaren Europako Hiriburua 2016k Bizitzaren Itsasargia ardatzaren barruan sartu du Hibrilaldiak ekimena, eta esan behar da, metodologia dagoeneko erabili zuela 2014an, Auzolab prozesuetan.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke