ES | EU


2015ko Uztaila 02


Harrobi Plaza Bilbo Zaharra eta Zabala auzoen artean dago kokatuta, eta inguru horretan elkarrekin bizi dira berrikuntza sozialarekin, ekintzailetzarekin, hezkuntzarekin eta kulturarekin lotutako proiektuak, hala nola: Bilbao Ekintza enpresa zentroa, Novia Salcedo Fundazioa, Harrobia ikastola, Sartu eta Wikitoki. Zonalde horretako ehun soziala konplexua da eta gainera sozialki estigmatizatuta dago, baina ekimen sortzaile, sozial eta ekintzaileen nahasketari esker, aukera ematen du proiektu berriak sortzeko. Horregatik, Bilbao Ekintzak Harrobitik Harrobira ekimena jarri du martxan, zeinaren helburua baita eremu hori berrikuntza sozialerako eta ekintzailetzarako ekosistema bihurtzea.

Colaborabora plataformak koordinatutako proiektu hau martxoan jarri zen martxan, laneko prozesu bateratu bat ireki zelarik plazan bizi diren eragileen artean. Lehen urratsen bidez auzoan lan egiten duten pertsonak eta proiektuak identifikatu zituzten konexioak sortzeko, eta ekainaren 29 eta 30ean ko-sorkuntzako tailerrak egin zituzten aukerak identifikatzen hasteko. “Aztertzen ari gara zein ekimen zehatz sortu daitekeen lan bateratutik eta pertsona bakoitzaren gaitasunetatik”, azaldu du Colaborabora kolektiboko Ricardo Antónek, “hortik abiatuta aurrera egin nahi dugu aniztasunean, ekintzailetzan eta ekonomia sozialean oinarritutako eta auzoan bertan sortutako eredu ekonomiko baterantz”.

Tailerretan hainbat aukera-ardatz sortu ziren: teknologia sozialak, alfabetatze digitala, 3D inprimaketa, osasunarekin eta kirolarekin lotutako ekimenak, kontsumo kolaboratiboa, e.a. Orain erronka da auzoa bultzatzea enplegu nitxo berriak sortuz eta espazioan lehendik existitzen diren baliabideak aprobetxatuz. Eragile desberdinen ekarpenetatik abiatuta lehen proposamen bat diseinatuko da, eta ondoren auzotarrei zabalduko zaie proiektuko parte-hartzaileek zein bertako biztanleek proposamenak egin ditzaten. “Era berean, proiektuak bestelako publikoak erakarriko ditu auzora eta auzoa bera kanporantz proiektatuko du, bertako potentzialtasunak ezagutu daitezen” azaldu du Ricardo Antónek.

Harrobitik Harrobira ekimenaren azken helburua da ekintza zehatzez osatutako plan bat sortzea, plaza hau berrikuntzaren, ekintzailetzaren eta ekonomia sozialaren inguruko proiektu bateratua eta auzo osoarentzako erreferentziazko puntua izan dadin.