Giza Eskubideen 8. foroak osasuna eta giza garapen iraunkorra izango ditu ardatz

2015ko Azaroa 10,

Giza Eskubideen VIII. Foroa Euskalduna Jauregian egingo da.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Unesco Etxeak Giza Eskubideen Foroaren zortzigarren edizioa antolatuko dute Bilbon azaroaren 17 eta 18an. Urteroko hitzordu horretan ezagutzak partekatzen eta giza eskubideen defentsa sustatzen da maila lokalean eta nazioartean.  Edizio honen ardatza osasunerako eskubidea izango da, alegia Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsaleko 25. artikuluan aitortzen dena.

Foroaren lehen jardunaldian ugalketa arloko osasuna eta sexu eskubideak jorratuko dira. Ugalketa arloko osasun arazoak dira haurrak izateko adinean dauden emakumeen heriotza kausa nagusia, egunean 800 emakume inguru hiltzen baitira haurdunaldiarekin edo erditzearekin lotutako konplikazioak direla medio. Nazio Batuen Populazio Funtseko Genero, Giza Eskubide eta Kultura Arloko–UNFPA- buruak, Luis Morak parte hartuko du topaketan, non hitzaldi bat eskainiko baitu ugalketa osasunerako eskubidearen garrantziari eta nazioarteko komunitateak arlo horretan egin dituen aurrerapenei buruz.

Hitzaldiaren ostean osasunari eta sexu eskubideei buruzko mahai-inguru bat egingo da. Osasunaren Munduko Erakundeak dioenez, kontua ez da bakarrik gaixotasunik ez izatea, baizik eta baita ere “sexualitatea eta sexu harremanak errespetatzea, eta plazera eskuratzeko eta sexu esperientzia seguruak, hertsadurarik, bazterkeriarik eta indarkeriarik gabeak izateko aukera aitortzea”. Eztabaida horretan parte hartuko dute, besteak beste, Ángeles Cabria García, Osasun Publiko, Genero eta Garapeneko aholkulariak eta Javier Gómez Zapiain, UPV/EHUko Psikologiako doktore eta Sexologiako irakasleak.

Hilaren 18an (asteazkena) aztergai izango dute zein paper duen osasunak nazioarteko komunitateak 2030erako ezarritako Garapen Sostengarriko Helburuetan. Kasu honetan, eztabaidan parte hartuko dute Luisa Cabal, ONUSIDAko Giza Eskubideen buruak eta Itziar Larizgoiti, OMSko Pazientearen Segurtasun Programako arduradunak.

Aurretik izena emanez gero, dohainik sartu ahal izango da Euskalduna Jauregian egingo den topaketan, eta bertan ezagutzera emango da Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaritza Nagusiko arloek egiten duten lana.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke