Gasteizko emakumeak Wikipedian ikusarazteko editatoia

2015ko Iraila 30,

spri_innovacion_EditatonFemeninaVG
Editatoia Emakumeen Berdintasun eta Jabekuntzarako Eskolaren jarduera bat da.

Gaur egun Wikipedia da Interneteko kontsultarako web garrantzitsuena, baina emakumeei buruzko artikulu kopurua gizonei buruzkoena baino askoz txikiagoa da, eta emakumezko editoreak ere askoz gutxiago dira. Emakumeek onlineko entziklopedian duten presentzia handitzeko asmoz, Gasteizko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak Gasteizko emakumeei ikusgarritasuna emateko 1. editatoia antolatuko du azaroaren 7an.

Ekitaldi horretan, hainbat arlotako Gasteizko emakume garrantzitsuei buruzko Wikipediako artikuluak sortu, zabaldu edo hobetuko dituzte, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz. Jardunaldiak helburutzat izango du Gasteizko emakumeen presentzia handitzea eta beren lanari ikusgarritasun handiagoa ematea, eta, bide batez, entziklopedia editatzen duten emakumezkoen kopurua handitzea. Topaketaren atarian proposamen-zerrenda bat dago; emakumezko idazle, kirolari, politikari, zientzialari eta aktibisten zerrenda bat da, baina parte hartu nahi dutenek iradokizun gehiago ere egin ditzakete.

Editatoia emakumeei nahiz gizonei zuzenduta dago, eta ez da beharrezkoa Wikipediako artikuluen edizioari buruzko ezagutzak edukitzea, izan ere, lanean hasi aurretik tailer txiki bat egingo baitute onlineko entziklopedian edukiak sortzen ikasteko.  Topaketa Sareguneren egoitzan egingo da bi txandatan (goizekoa eta arratsaldekoa), parte-hartzea errazteko. Ekitaldia doakoa den arren, parte hartu ahal izateko izena eman behar da web orrian. Editatoiarekin batera, azaroaren 6an Wikimedia España Elkarteak “Internet y Wikipedia ¿en clave de igualdad?” hitzaldia eskainiko du Montehermoso Kultur Zentroan.

Topaketa Gasteizko Emakumeen Berdintasun eta Jabekuntzarako Eskolaren programaren barruan kokatzen da, eta laguntzaile ditu Saregune, Wikimedia España, Internet & Euskadi elkartea eta i2basque Sare Akademikoa. Topaketako jarduerak eta nobedadeak sare sozialetan jarraitu ahal izango dira #EditatoVG eta #BerdinEskolaVG traolen bitartez.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke