Berrikuntza, gaixotasun arraroak dituzten haurrentzako eskola inklusiboagoa lortzeko

2016ko Apirila 05,

Portal de Feder Euskadi.
Feder Euskadi eta UPV/EHUk antolatu dute Gaixotasun Arraroei buruzko III. Nazioarteko Hezkutza-Kongresua.

UPV/EHUko ikerlari talde batek liburu bat plazaratu du familiekin batera osatutako proposamenekin.

Eskola berrikuntza gaixotasun arraroak dituzten pertsonen ikuspegitik Euskadin azterlana urtebete baino gehiagoko ikerketa lanaren emaitza da. Azterlan hori egiteko, ikerlariak gaixotasun arraroak dituzten haurrekin eta beren familiekin elkartu dira, iritziak eta esperientziak biltzeko. UPV/EHUko Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saileko INKLUNI lantaldeak egin du azterlana, FEDER Euskadik (Gaixotasun Arraroen Espainiako Federazioaren euskal ordezkaritzak) eskaturik.

“Ikerketa honen helburua da gaixoen eta beren familien ahotsa berreskuratzea, arrakastatsu izan diren edo porrot egin duten eskolatze esperientziak identifikatzeko” azaldu du Javier Monzón, irakasle eta INKLUNI taldeko kideak, “asmoa da beren premiak detektatzea eskola sistemarako berrikuntza proposamenak egiteko”.

Familiek adierazi dutenez, beren premia nagusietako bat da eskolaren, osasun zentroaren eta gizarte-laguntzako zerbitzuen arteko koordinazioa hobetzea, zeren gaixotasun arraroak dituzten neska-mutilek eskola-ordu asko galtzen baitituzte medikuarengana joan behar dutelako edo osasun arazoak dituztelako. “Familientzat beharrezkoa da kudeatzailearen figura sortzea, osasun eta hezkuntza arloak koordinatzen laguntzeko” azaldu du Javier Monzónek. Ikerketa prozesuan zehar, gazteek azpimarratu dute ikasle guztientzako hezkuntza praktikak diseinatu behar direla, bazterkeria egoerak saihesteko.

Estatuan egin den mota honetako lehen ikerketa izan da, orain arte inork ez baitu egin azterketarik gaixoen eta beren senitartekoen ikuspegitik. Prozesua beste bederatzi Autonomia Erkidegotara eraman dute, han ere gaixotasun arraroak dituzten gazteen eskolatze esperientziak jaso ditzaten hobekuntza proposamenak egiteko.

Gaixotasun Arraroei buruzko III. Nazioarteko Hezkuntza-Kongresuan aurkeztuko dira ikerketaren emaitza eta ondorioak, Bilbon, apirilaren 20an eta 21ean. Topaketa horretan hitzaldiak, mahai-inguruak eta tailerrak egingo dira, eta adituez gain, gaixotasun arraroak dituzten pertsonek eta beren senitartekoek parte hartuko dute.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke