Flipped Learning: matematikako eskolak irauliz

2015ko Azaroa 24,

Txostenaren azala.

Interneten gero eta ugariagoak dira irakasleek eta hezkuntzako erakundeek sortutako multimediako baliabideak, ikastorduez kanpo ere ikasten jarraitzeko aukera ematen dutenak. Flipped learning metodologiek material horiek aprobetxatzen dituzte eredu tradizionalak “iraultzeko”, eredu tradizionalen bidez ikasgelan irakasten baita teoriaren zati handiena. Metodo berriek, aldiz, etxera daramatzate ikasgaien eduki batzuk, eta hala, eskolen helburua da ezagutza sendotzea.

Nagusiki bideoak erabiltzen dituzte horretarako, baina baita ere bestelako baliabide batzuk, besteak beste aurkezpenak eta online eskuratu daitezkeen ariketak. Asmoa da ikasleak modu autonomoan hurbildu daitezela ikasgaira, etxerako lana balitz bezala, eta gero kolektiboki jartzen dituzte praktikan ikasgelan.

NESTA berrikuntza agentzia britainiarrak eta NFER-National Foundation for Educational Research fundazioak ikerketa bat egin dute ikaskuntza mota horren aukerak eta oztopoak identifikatzeko. Bederatzi proiektu pilotu jarri dituzte martxan Britainia Handiko hainbat eskolatan, denak ere matematikako eskoletan, non irakasleek Khan Academyk eskainitako bideo-baliabideak erabili baitituzte. Flipped Learning – Using online video to transform learning argitalpenean jaso dituzte prozesuko esperientzia eta ondorio guztiak, zeina dagoeneko deskargatzeko moduan baitago.

Azterlanak dioenez, frogatuta dago onuragarria dela bideoak erabiltzea ikasleei ikasgai berriak azaltzen hasteko. Alde batetik, ikasgelako denbora libratzen du, kasu praktikoen bidez ezagutzak aplikatzeko, indartzeko eta ikasleen zalantzak argitzeko. Bestetik, ikaskuntza kolaboratiboagoa ahalbidetzen du, ikasleak prestatuago daudelako ezagutzak aplikatzeko. Dinamika horiei esker, gainera, ikasleek segurtasun handiagoa hartzen dute eta irakaslea bakoitzaren ikaskuntza-erritmo pertsonaletara egokitu daiteke.

Dena den, oztopoak ere baditu. Horietako bat da teknologia eskura izatea, eta baita ere irakasleek beren ikasleen mailarako egokiak diren onlineko materialak identifikatu behar izatea. Bestalde, ezin da eredu hori aplikatu ikasleek ez badute konpromisorik hartzen etxerako lanak egiteko. Oztopo horiek gainditzeko, proiektu pilotu batzuetan esperientzia mistoak ezarri zituzten, eskolan bertan espazioak eskainiz eskola orduz kanpo bideoak ikusteko edo bideo horietako batzuk ikasgelan ikusiz.

Azterlan horretatik baliabideak ere sortu dira horrelako metodologiak erabili nahi dituzten irakasleentzat. Azterlanaz gain, gida praktiko bat argitaratu dute eskoletan flipped learning aplikatzeko, eta gida espezifiko bat ere bai Khan Academy-k -onlineko hezkuntza edukien plataforma ezagunenetako batek- eskaintzen dituen baliabideei buruz.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke