Eusko Jaurlaritzak enpresetan langileen parte hartzea bultzatuko duen ekimen berria jarri du martxan

2015ko Urtarrila 30,


Otsailaren 2an argitaratuko dira Innobideak estrategiako laguntza berriak eta hurrengo egunetik aurrera eskuratu ahal izango dira www.spri.eus web orrian

Innobideak Pertsonak programaren helburua da langileek beren enpresetan parte har dezatela lehiakortasuna hobetzeko, eta 20 langile edo gehiago dituzten enpresei zuzenduta dago

Eusko Jaurlaritzak 8,1 M euro batzen dituen tresnak bultzatuko ditu berrikuntza ez teknologikoa eta enpresetan langileen parte hartzea laguntzeko.

 


Eusko Jaurlaritzak INNOBIDEAK 2015 estrategia indartu du, euskal enpresetan berrikuntza ez-teknologikoa hobetzen laguntzeko.  Produktuak, zerbitzuak eta merkatua dibertsifikatzeko kudeaketa-ereduak eta estrategia hobetzeko laguntzaren osagarri gisa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak beste programa bat abiarazi du enpresentzat: Innobideak-Pertsonak. Langileen partaidetza enpresa-jardueran aztertu eta bultzatu nahi duten enpresentzat da programa hau: kudeaketa-erabakiak hartzeko garaian, etekinak banatzeko, edota langileak enpresaren kapital ekonomikoaren zati bilakatzeko aukerak aztertzeko.

 

Estibaliz Hernáezek, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak, Innobideak programaren nondik norakoa azaldu du Aitor Urzelairekin, Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendariarekin, eta Aitor Cobanerarekin, SPRIko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendariarekin batera.

 

Euskadik berrikuntza teknologikoaren alorrean egindako lan irmoa gogorarazi du sailburuordeak. Era berean, Eusko Jaurlaritzak industriaren, internazionalizazioaren eta enpresentzako finantzaketa-mekanismoen alde egindako apustua ere nabarmendu du sailburuordeak, baina adierazi du, horretaz guztiaz gain, berrikuntza ez-teknologikoa ere txertatu behar dela, eta ikuspegi estrategiko handiagoa duten kudeaketa-ereduak ezarri behar direla, enpresaren jardueran langileen partaidetza handiagorako bide ematen dutenak.

 

Innobideak Pertsonak

Eusko Jaurlaritzak, SPRI-enpresen garapenerako agentziaren bitartez,  berrikuntza programa berri bat ezarriko du aurten: Innobideak Pertsonak. Programa horren helburua da langileek beren enpresetan parte har dezatela, lehiakortasuna hobetzeko eta kohesio sozial handiagoa lortzeko. Milioi 1 euroko aurrekontua duen plan hori 20 langile edo gehiago dituzten enpresei zuzentzen zaie eta Innobideak estrategiaren barruan kokatuta dago. Innobideak estrategiaren barruko programak otsailaren 2an argitaratuko dira eta hurrengo egunetik aurrera eskuratu ahal izango dira www.spri.eus webgunean.

 

Innobideak Pertsonak programak bi motatako laguntzak eskaintzen dizkie industria, zerbitzu tekniko, informazio gizarte eta komunikazio sektoreetako enpresei.

 

Lehenengoa diagnostikorako, diseinurako eta laguntzarako da, eta proiektuaren kostuaren %50erainoko laguntzak eskaintzen ditu, 60.000 euroko gehieneko mugarekin.

 

Bigarrenak prozesurako laguntza ematen du eta kasu honetan ere proiektuaren kostuaren %50erainoko laguntzak eskaintzen ditu, baina 30.000 euroko mugarekin. Bi kasuetan subentzionatzen dira konpainiako langileen gastuak eta kanpoko enpresa adituak kontratatzeko gastuak.

 

Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailaren programa berri hau 2013-2016 Industrializazio Planaren barruan kokatuta dago eta bat egingo du lehendik zeuden beste berrikuntza plan batzuekin, hala nola Innobideak Lehiabide eta Kudeabide programekin, zeintzuek 2,4 milioi eta 1,2 M euroko aurrekontuak izango baitituzte 2015 urtean hurrenez hurren. Bi programa horiek 275 proiektu inguru babestu zituzten iaz

 

Innobideak Lehiabide

Eusko Jaurlaritzak, SPRIren bidez, Innobideak Lehiabide programak 2,3 M eurotik gorako zuzeneko diru-laguntzak banatu zituen 2013 eta 2014 urteetan  78 proiekturentzat.  Fondo galdurako diru-laguntzak emanez, produktuan, zerbitzuan edota merkatuan dibertsifikatzeko aukera ematen duten bakarkako edo lankidetzako proiektuak babesten ditu. Bakarkako proiektuen kasuan, enpresek gutxienez 10 langileko plantilla izan behar dute eta proiektuaren kostuaren %50erainoko diru-laguntza jaso dezakete 35.000 euroko mugarekin.

 

Innobideak Lehiabide 2015 deialdiak dituen berrikuntzen artean, enpresek parte hartzeko eskakizunak malgutu egiten ditu.

 

Lankidetzako proiektuetan, enpresa parte-hartzaileek gutxienez 40 langileko plantillak eduki behar dituzte (lehen, 80). Proiektuaren kostuaren %60rainoko diru-laguntza jaso dezakete, 100.000 euroko mugarekin. Diruz lagunduko dira konpainiako langileen gastuak, kanpoko enpresa adituak kontratatzeko gastuak eta dinamizazio, koordinazio eta tramitazio lanetarako sektore-, enpresa- edo lurralde-mailako eragileak kontratatzeko gastuak.

 

2015ean, Innobideak Lehiabide programak enpresei dibertsifikatzen laguntzeko proiektuak bultzatuko ditu, eta gutxienez 10 langile dituzten enpresek ere programako onuradun izan ahalko dute (lehen, 40).

 

  

Innobideak Kudeabide

Innobideak Kudeabide programak, bestalde, kudeaketa hobetzeko proiektuak babesten ditu fondo galdura emandako diru-laguntzen bidez. Hiru Foru Aldundiek eta Euskalitek lankidetzan garatutako erakunde arteko ekintza bat da eta Eusko Jaurlaritza arduratzen da programaren koordinaketa orokorraz SPRIren bitartez. Bere helburua da gutxienez 50 langile dituzten enpresetako proiektuak babestea. Iaz 81 proiektu pilotu eta 109 sendotze-proiektu babestu zituen. Azken horietan, SPRIk 611.538 euroko zuzeneko diru-laguntzak banatu zituen.

 

2015ean proiektuaren kostuaren %60rainoko diru-laguntza jaso ahal izango da, 25.000 euroko mugarekin. Aurten, nobedade gisa, ez da derrigorrezkoa izango hasierako kontrastea egitea Euskaliten laguntzarekin (gutxienez 50 langile dituzten enpresetan) eta laguntzaren zenbatekoa 25.000 euroraino hazi da.

 

Gainera, SPRIk Innobideak Prestakuntza ekimena jarriko du martxan, sentsibilizazio- eta gaikuntza-ekintzak egiteko kudeaketa aurreratuarekin, berrikuntzarekin eta lehiakortasunarekin lotutako oinarrizko alderdien inguruan. Programa horrek Innobideak estrategiari, bere instrumentuei eta negozio ereduak berritzeari buruzko informazioa emango du. Industria-enpresetako eta zerbitzu enpresetako kudeatzaile eta zuzendaritza-karguei zuzenduta dago.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke