Euskal ikaslez osatutako talde bat nazioarteko MoonBots robotika lehiaketaren finalera iritsi da

2015ko Iraila 09,

spri_innovacion_MoonBotLauroIkastola
MoonBot nazioarteko lehiaketa.

MoonBots lehiaketa Xprize eta Google-k elkarrekin sortutako ekimen bat da, zeinaren helburua baita gazteen artean espazioa esploratzeko interesa piztea. “Ilargiranzko lasterketa”ren ideiatik abiatuta, nazioarteko lehiaketa honek hainbat erronka planteatzen ditu, esaterako ilargi-eszenarioak diseinatzea edo zenbait proba egin ditzakeen robot bat eraikitzea. Horrela, neska-mutilei erakusten zaie ilargiaren esplorazioa aukera posiblea dela.

Lauro Ikastolako (Bizkaia) DBH-ko 4. mailako ikasle talde bat joan den ekainean inskribatu zen lehiaketan. Udan gogor lan egin ondoren, 30 finalisten artean sailkatu dira mundu osoko 230 parte-hartzaileren artetik. Lehiaketaren lehen fasean, Betabot taldeak, 16 urteko hiru mutilez eta neska batez osatuak, ilargirako bidaietan inspiratutako istorio bat kontatu behar izan zuen, eta ikasle bizkaitarrek animazioa aukeratu zuten horretarako.

Lehiaketaren bigarren fasean robot bat eraiki eta programatu behar izan zuten -lehiaketako antolatzaileek emandako kit-ak erabiliz-, eta baita ere satelitearen azalera irudikatuko zuen eszenarioa. Hortik abiatuta, ikasleek joko bat diseinatu zuten, robota ilargi-eszenario horretan ibil zedin askotariko misioak burutzeko. Txapelketak badu bere alderdi soziala ere, lorpen guztien zabalkundea egin delako. Zentzu horretan, Betabot taldeak karpa bat antolatu zuen abuztuaren 13an Algortan, Portu Zaharreko jaietan, eta jendaurrean erakutsi zuten prozesu osoan zehar eginiko lana. Azkenik, lantaldeak bideokonferentzia bidez defendatu zuen bere proiektua MoonBots lehiaketako epaimahaiaren aurrean, eta irailaren erdialdera jakingo dute nazioarteko lehiaketako hiru irabazleetako bat diren ala ez.

Txapelketaren helburu nagusia da zientziarekin eta teknologiarekin lotutako ezagutzak barneratzea, baina prozesuan zehar beste arlo askotako gaitasunak ere garatzen dira. “Hezkuntza arloan, ikerketa prozesua da elementu garrantzitsuena. Arazo bat dute abiapuntutzat eta elkarren artean garatu behar dute, ez inposatutako lan bat delako, baizik eta beharrezkoa delako erronka gainditzeko” azaldu du Amaia Pérezek (Lauro Ikastolako fisikako irakaslea eta lantaldeko koordinatzaileak). “Eurek kudeatu dute prozesu osoa, ingelesez komunikatu behar izan dute, ordenagailuan diseinuak egin, maketa bat eraiki, robota programatu…”.

Ez da lehen aldia horrelako txapelketa batean parte hartu dutena, 2014an roboten diseinuarekin eta programazioarekin lotutako First Lego League txapelketan parte hartu baitzuten. Estatuko ediziorako sailkatu ziren eta Open European Championship topaketan lehiatu ziren berrikuntza eta estrategia saria irabazi ostean.

Betabot taldeak programatutako robotaren demoa



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke