Euskal gazteek gero eta gehiago parte hartzen dute onlineko gai sozialetan

2015ko Azaroa 03,

Txostenaren azala

15 eta 29 urte bitarteko hamar gaztetik seik Internet bidezko eztabaidak eta ekintzak sustatu dituzte edo halakoetan parte hartu dute, mezuak birbidaliz eta beren iritzia adieraziz sare sozialetan, WhatsApp eta antzeko aplikazio mugikorretan edo onlineko plataformetan. Hori da  Gazteak eta parte-hartze soziala Euskadin txostenean jasotako ondorioetako bat. Azterlan hori Gazteen Euskal Behatokiak egin du Euskadiko Gazteria Kontseiluaren laguntzarekin.

Txostenak dioenez, parte-hartze soziala oso altua da euskal gazteen artean, bai Sarean eta bai Saretik kanpo; ia erdiak esperientzia du boluntario gisa, eta %57,3k elkarteren batean parte hartzen du, gehienek kirol arlokoetan edo elkarte ludikoetan. Oro har, euskal gazteen %55,8k aktiboki parte hartzen du gizartean, dela kultur nahiz kirol ekitaldietan edo dela kausa sozialak, politikoak eta ingurumen arlokoak aldarrikatzeko ekintzetan.

Onlineko kanal eta plataformak ohiko espazio bihurtu dira euskal gazteentzat, aukera ematen dietelako beren iritzia adierazteko eta eztabaida, salaketa edo aldarrikapenetan parte hartzeko. Gazteen Euskal Behatokiak dioenez, 15 eta 29 urte bitarteko pertsonen %21ek horrelako ekintzak bultzatu ditu azken urtean, eta %32k halakoetan parte hartu du. Bestalde, gazteen %54,4k adierazi du inoiz parte hartu izan duela sinadurak biltzeko ekintzetan, eta %50 baino gehiagok bere iritzia eman du manifestazio edota kontzentrazioetan.

Behatokiaren txostenean badaude baita ere boluntariotzarekin lotutako datuak, eta datu horiek erakusten dute esparru horretako parte-hartzea aktiboa dela. Gazteen %23,6k boluntario lanak edo lan puntualak egiten ditu, eta %59,6k adierazi du inoiz egin duela boluntariotzarekin lotutako kolaborazioren bat. Gehien egiten diren jardueren artean denbora libreko hezkuntza da nagusi, gero kirola dator eta ondoren giza eskubideak eta lankidetza.

Gazteen Euskal Behatokiak aurkeztu ditu emaitzak eta txostena egiteko 1.512 inkesta egin ditu EAEko gazteen artean.  Azterlanaren helburua da jakitea zein den euskal gazteek bizitza sozialean duten inplikazio maila eta parte hartzeko erabiltzen dituzten bideak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke