Europako Inbertsio Bankua (EIB) Bilbora etorriko da azaroan I+G+B-rako laguntzak azaltzera

2015ko Urria 05,

spri_innovacion_BEI
EIB logoa.

Hitzaldi bat antolatuko du Eusko Jaurlaritzarekin eta gobernu zentralarekin batera, euskal enpresek bertatik bertara ezagutu dezaten bere finantzaketa-produktu sorta zabala. Iñigo Urkullu Lehendakariak inauguratuko du ekitaldia. Europako Inbertsio Bankuak 24.000 milioi eurotik gorako finantzaketa-lerroak dauzka zabalik datozen zazpi urteetarako. 

Europako Inbertsio Bankuak (EIB) azaroan azalduko du Bilbon zein laguntza dauden datozen zazpi urteetan I+G+B-rako jarduerak finantzatzeko. Iñigo Urkullu Lehendakariak inauguratuko du azaroaren 6an Guggenheim Museoan egingo den hitzaldia, non euskal enpresek lehen eskutik ezagutuko duten EIBren finantzaketa-produktu sorta zabala. “Laguntza horiek enpresa berritzaileei emango zaizkie, zuzenean edo finantza bitartekarien bidez” azaldu du erakundeak, zeinak Eusko Jaurlaritza eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa izan baititu lagun antolakuntza-lanetan.

Europako Batzordeak eta EIB Taldeak konpromisoa hartu dute %50 handitzeko datozen zazpi urteetan I+G+B-rako jarduerak finantzatzeko baliabideak.  Helburu horrekin, 24.000 milioi eurotik gorako finantzaketa-lerroak ireki dituzte.

Hitzaldian hainbat aurkezpen egingo dira EIB Taldeak I+G+B-ko programak finantzatzeko ematen dituen laguntzei buruz, eta segidan lekukotzak eta “casestudies” direlakoak azalduko dira.

Hitzaldian bestelako informazioa ere emango da, hala nola: InnovFin programaren helburuak eta aukerak, teknologiako proiektuen finantzaketa, nola egokitu enpresen hazkunde premietara, bankuekiko lankidetza kapitalizazio erdiko ETE eta enpresa berritzaileei laguntzeko, eta, azkenik, I+G+B-n inbertitzeko igurikapenak Espainian.

Europako Inbertsio Bankua (EIB)  Europar Batasuneko finantza organoa da, 1958an sortu zen eta Luxenburgon du egoitza. Bere zeregina da Europar Batasuneko garapen orekatua ahalbidetzea, integrazio ekonomikoaren eta kohesio sozialaren bidez. EIBren akziodunak EBko Estatu kideak dira, urtean 60.000 milioi euro inguru banatzen ditu kreditutan, eta Munduko Bankuak baino egoera finantzario hobea du. EIBk ez die finantzaketa orokorrik ematen Estatuei, baizik eta proiektu zehatzak finantzatzen ditu modu partzial eta subsidiarioan.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke