Europako berrikuntza plan berri batek 200 milioi euroko laguntzak emango ditu

2015ko Otsaila 13,


SPRI-Enpresen garapenerako agentziak antolatutako jardunaldi batean azalduko da nola eskuratu daitezkeen merkatura ateratzeko hasierako fasean dauden produktu industrialentzako Fast Track to Innovation programako laguntzak.


Fast Track to Innovation programaren bitartez euskal enpresek beste bide bat daukate beren negozioak bultzatzeko. Programa hori Horizon2020 makro-programaren ekimen bat da, finantzaketa eskaintzen diena merkatura irten aurreko fasean dauden teknologiaren edota teknologia aplikatuaren arloko enpresa-proiektu berritzaileei. Programa pilotu honetako laguntzak eskuratzeko giltzarriak ostiral honetan jakinaraziko dira Donostian, SPRIk (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako agentziak) bultzatutako CEIT jardunaldian. Fast Track laguntza-tresna garrantzitsua da, 200 milioi euroko aurrekontua duelako 2015 eta 2016. urteetarako eta milioi bat edo bi banatuko dituelako proiektu bakoitzeko. %70 inguruko diru-laguntzak ematea espero da.

“Ez da ETEentzako programa bat: parte har dezakete, baina bakarrik partzuergoen barruan. Ezin duzu bakarrik parte hartu”,  argitu du Pilar Cervero, ETEentzako Easme agentzia exekutiboko kideak.

Fast Track ekimenaren helburua da  ideiak merkatura iristeko behar duen denbora laburtzea, EBko ikerketa funtsen eskatzaile berrien parte-hartzea bultzatzea, eta sektore pribatuak ikerketan eta berrikuntzan egiten duen inbertsioa handitzea. Ekimen pilotu honetarako proposamenak aurkezteko epea urtarrilaren 6an ireki zen eta hiru ebaketa-data finkatu dira ebaluaketa 2015ean egiteko: apirilaren 29a, irailaren 1a eta abenduaren 1a. Bi urte horietako bakoitzean 50 proiektu inguru onartzea espero da.

 “Proiektu bakoitzeko milioi bat edo bi emango dira. Baina proiektu bakoitzeko ez dugu finantzatzen 3 milioitik gora”, azaldu du Pilar Cerverok, azpimarratuz partzuergo batean integratutako bazkide zenbaitek elkarrekin aurkeztutako proiektuak izan behar direla. “Spinoff-ek, startup-ek eta bi urte baino gutxiagoko ETEek ezin dute parte hartu koordinatzaile gisa, baina bai bazkide edo azpi-kontratatu bezala”. Cerverok esan du ezen, berrikuntzaren aldeko Europako beste laguntza batzuetan ez bezala, honetan proiektua amaituta egon behar dela. “Ezin da negoziatu ez hobetu. Bikaintasun handia eta produktu oso zehatza eskatzen da”.

SPRIko Arturo Antonek azpimarratu egin ditu programara sartzeko eskakizunak. “Europa osoan 2.000 proposamen inguru egon daitezke eta deialdi bakoitzean hogei bakarrik aukeratzen dira; beraz, zaila da, eta ezinbestekoa da partzuergo on bat osatzea, ongi definituz bazkide bakoitzaren papera. Teknologia heldu batetik abiatu behar da, eta derrigorrezkoa da negozio plana egitea”.

Jardunaldian azpimarratu dutenez, aurkezten den produktuak edo zerbitzuak “merkatuan sartzeko ia prest egon behar du, ETE tresna programan (Europako beste laguntza bat) ez bezala”.

Mikel Albak, EU-MAN enpresako aholkulariak, nabarmendu du negozio proiektuak direla, eta ez I+G-koak. “Milioika euro irabazteko tresna bat dira”.

Haririk gabeko sentsoreak egiten dituen Farsens enpresak dagoeneko jaso ditu Europako laguntzak ETE tresna programaren bidez, eta konpainia horretako Daniel Pardok  esan du aurkezten den proiektuak “inbertitzeko modukoa” izan behar duela.

Metal eta uraren sektoreetan zentratzen den MSI ingeniaritzako Peter Kramer-ek azaldu du bere proiektua hiru bider baztertu zutela Europan, eta prozesu horretan bi gauza ikasi dituela: produktuak numerikoki erakutsi behar duela merkaturako duen balioa eta bazkide teknologiko bat eduki behar dela.

 

Jardunaldiaren laburpen bideoa

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke