Europako Batzordeak hazkunde sostengarria helburu duten berrikuntza sozialeko 30 ideia aukeratu ditu

2015ko Uztaila 28,

spri_innovacion_SocialInnovationCompetition2015
Lehiaketaren kartela.

Europako Batzordeak antolatzen duen Social Innovation Competition lehiaketak dagoeneko jakinarazi du zeintzuk diren hirugarren edizioko finalerdietara pasa diren 30 proiektuak. Txapelketa horren helburua da bultzada bat ematea egungo erronka handiei erantzuten dieten eta onura ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa sortzen duten ereduak bilatzen dituzten berrikuntza sozialeko proposamenei.
Aurten “Hazteko modu berriak” izan da txapelketaren leloa, eta antolatzaileek 40tik gora herrialdetako 1.400 proposamen jaso dituzte. Proposamenak hainbat ideiatan oinarritzen dira: hondakinak murrizteko produkzio eta banaketa eredu berriak, bazterkeria arriskuan dauden pertsonei lana ematen dieten enpresa sozialak, eta, besteak beste, zahartze aktibo eta osasuntsua bultzatzeko laguntza komunitarioa ematen duten sistemak.
Social Innovation Competition txapelketako epaimahaiak 30 proiektu aukeratu ditu proposamen guztien artetik. 30 proiektu horiek hurrengo fasera pasako dira, non laguntza prozesu baten bidez helburu nagusiak identifikatuko baitituzte, negozio plan bat egituratu eta lankidetzak erakarri. Berrikuntza sozialeko akademiaren saioak irailaren 7tik 9ra egingo dira Vienan. Horren ondoren, epaimahaiak 10 finalistak aukeratuko ditu eta azaroan jakinaraziko ditu hiru irabazleak. Azken horietako bakoitzak 50.000 euro jasoko ditu bere proiektua martxan jartzeko.
Finalerdietara pasa diren proposamenen artean bada Espainian sortutako bat: BUYears. Proiektu horrek aparatu eta etxetresna elektrikoak erosteko eredua aldatzen du, zaharkitze programatua saihesteko; atari propio bat sortu du eta bertan saltzen diren produktuek hainbat urtetarako konponketa eta mantenimendu zerbitzua barne hartzen dute. Hala, aparatu iraunkorrenak egiten dituzten enpresek irabazi handiagoak eskuratuko dituzte salmenten truke.
Epaimahaiak hautatutakoen artetik aipatzekoak dira halaber honakoak: The social good vending machine poloniarra, produktu ekologikoak ekoitzi eta banatzeko eta aldi berean bazterkeria sozialean dauden pertsonei enplegua emateko sarea; Portugaleko Padaria Pao com Historia okindegia, zeinak prestakuntza eta enplegua eskaintzen baitie gazteei eta hezkuntza espazio bat haurrei, eskolako porrota gutxitzeko; eta Frantziako ekintzaile talde batek sortutako Wheeliz ere bai, partikularren artean gurpildun aulkian dauden pertsonentzat egokitutako autoak alokatzeko sistema.

2015 European Social Innovation Competition



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke