ES | EU


2016ko Otsaila 24


Hirikilabs-ek, kultura digitaleko eta teknologiako laborategiak, lankidetzako bederatzi ekimen ostatatuko ditu datozen hilabeteetan. Otsailaren 18an aurkeztutako proposamen horiek erabilpen sortzailea ematen diete teknologia digitalei dispositibo berriak diseinatzeko, ikuspegi sozialetik, kritikotik edo esperimentazioaren ikuspegitik abiatuta.

Hona hemen proposamen horietako batzuk: inguruko zarata maila neurtu eta erakusteko semaforo bat; etxean erabiltzeko negutegi bat lurrik gabeko landareak produzitzeko  -nekazaritza hidroponiko edo aeroponikoko teknikak erabiliz- eta bizikletekin egiten diren ibilbideak bistaratzeko sistema bat. Laborategian garatuko dira baita ere beste bi proiektu hauek: “Neu Naiz”, garuneko paralisia duten pertsonentzako sistema bat, beren borondatezko ekintzen erantzun sentsorialak jaso ditzaten; eta “Rover Rocker Bogie”, zeinaren bidez tamaina txikiko mars rover bat diseinatuko baita.

Proiektu horiek Hirikilabs Plaza espazioan daude, topaketarako eta pertsona, kolektibo eta praktika komunitateen arteko lankidetzaren bidez ideiak garatzeko zentroan. Programaren helburua da elkarlanean egindako ikerketa eta ezagutza trukea ahalbidetzea, proiektu berriak sortzeko “do it together” ideiari jarraituz.

Hirikilabs-ek laborategiko erabiltzaileek proposaturiko bi lantalde ireki berri ere aurkeztu ditu, zeintzuk lanean arituko baitira datozen hilabeteetan. Lehenengoak Gisa kolektiboak koordinatutako Guifi.net sarearen nodo mugikor bat diseinatuko du. Bigarrenak Euskara eta Teknologia du izena, eta hiztegiak inprimatuko dituen makina bat eraikiko du;  Bagera Euskalzaleen Elkarteak sustatu du ekimena DSS2016ko #Euskarriak proiektuaren harira. Talde biak otsailaren hasieran jarri ziren martxan, baina zabalik daude parte hartu nahi duen edonorentzat.

Hirikilabs Tabakalerak eta Donostia-San Sebastián Europako Kultur Hiriburua 2016 ekimenak elkarrekin sortu eta garatutako  proiektu bat da.