BIKAIN euskararen kalitate ziurtagiria lortu du SPRIk, euskararen erabileraren normalizazio prozesuan urrats garrantzitsua emanaz

2015ko Abendua 03,

spri_innovacion_euskera
Euskarako sustapen kartela.

SPRI, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietateak BIKAIN euskararen kalitate ziurtagiria lortu du. Urriaren amaieran eta azaroaren hasieran egindako ebaluazioaren emaitzak 300-350 bitarteko puntuazioa eman dio SPRIri, oinarrizko kalitate ziurtagiria lortzeko adina.

Ebaluazio txostenean, SPRI 2014.urteaz geroztik euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko, nahiz kudeatzeko egiten ari den lana goraipatzearekin batera, talde ebaluatzaileak honako hau azpimarratu du: SPRI, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa sarearen motor nagusienetakoa izanik, hizkuntza berdintasunerako ematen dituen pausoak biderkatzaileak izango direla.

Honekin batera, ebaluatzaileek indarguneak identifikatu dituzte, baita zer hobetuak ere, erakundeari aurrera egiten lagun diezaioketen palankak hain zuzen ere. Ziurtagiri hau lortuta, SPRIk hurrengo helburuak finkatzeari ekingo dio datozen egunotan, sozietatearen barruan euskararen erabileraren normalizazio prozesua bultzatzeko.

SPRIko zuzendari nagusi Alexander Arriolak eskerrak eman dizkie langile guztiei egindako lanagatik, “herritarren zerbitzura dagoen erakunde publiko baten euskarari dagokion tokia emateko egiten ari diren ahaleginagatik”. Aldi berean, ziurtagiri hau urrats garrantzitsua dela nabarmendu du, euskararen erabilera sendotzen jarraitzeko eta enpresa eta hornitzaile guztiei mezua igorri die helburu hau lortzen laguntzeko.

BIKAIN Eusko Jaurlaritzak 2007.urte amaieran abiarazitako proiektua da, enpresen munduan eta esparru sozio-ekonomikoan euskararen etengabeko normalizazioa ebaluatu eta egiaztatzen duena. 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke