ES | EU


2016ko Martxoa 21


Munduan zehar sortzen ari diren hainbat ekimenek arazoen konponbideetan oinarritutako unibertsitateko ikasketa-ereduak sustatzen dituzte. NESTA berrikuntza agentzia britainiarrak azterlan bat argitaratu du, zeinetan gorago aipatutako proiektu batzuk jaso dituen eta irakasteko eraren aldaketa erradikal horren potentziala ere aipatzen duen.

Egungo testuinguruan kolokan daude maisu eskoletan eta azterketetan oinarritutako hezkuntza-eredu tradizionalaren oinarri batzuk. Enpresei gero eta gehiago interesatzen zaizkie titulazioen eduki teorikoez harago doazen gaitasun eta ezagutzak, esaterako, ezagutza aplikatua, komunikazioa edo pentsamendu kritikoa. Erresuma Batuan eginiko inkesta baten arabera, hiru langiletik batek bakarrik uste du goi-mailako hezkuntzak behar adinako prestakuntza ematen diela ikasleei antolakundeetan lan egiteko.

The Challenger-driven university: how real life problems can fuel learning txostenaren arabera, unibertsitateen munduan badaude ikaskuntza-eredu berriak aplikatzen dituzten hainbat adibide, oinarritzat hartzen dutenak ingurune hurbileko erronka errealak gainditzea. Finlandiako Aalto University da horietako bat, zeinak Helsinkiko teknologia, ekonomia eta arte unibertsitateak biltzen baititu diziplina arteko “fabrikak” sortzeko. Ikasle eta irakaslez osatutako taldeek inguruko enpresa eta komunitateekin batera lan egiten dute, benetako premiei erantzungo dieten konponbideak garatzeko. Aipatzekoa da baita ere Britainia Handiko Hyper Island goi-mailako eskolaren kasua: ez dauka gradurik, ezta ere azterketarik, eta ikasturtea industriak proposatutako proiektuen inguruan egituratzen da.

Esparru sozialean, ikuspegi horrek aukera ugari eskaintzen ditu hiritarren onurarako berrikuntzak sortzeko. Adibide bezala jar genitzake Ashoka berritzaile sozialen komunitatea eta bere Changemaker Campus proiektua, zeinak ziurtagiri bat ematen baitie hezkuntza curriculumetan berrikuntza sozialaren baloreak txertatu dituzten unibertsitateei.

Geoff Mulgan, NESTA Agentziako zuzendariak dioenez, horrelako metodoek, ikuspegi desberdinak izan arren, printzipio asko partekatzen dituzte. Esaterako, ikaskuntza jarduera sozial bezala planteatzea, diziplinak nahastea, erakundeko ezagutza kanpora irekitzea, eta ebaluazioen ikuspegi berritzailea, izan ere, bakarkako azterketek ez baitute zentzurik horrelako hezkuntza-eredu batean.

Euskadin ere badira zenbait berrikuntza-eredu goi-mailako hezkuntzaren esparruan, zeintzuen bidez hezkuntza prozesua ikasgelako hormetatik atera baita. Mondragon Unibertsitatearen LEINN, Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza izeneko gradua da ezagunena, non ikasleek enpresa bat sortu behar baitute lehenengo eskola egunetik. Badira mundu akademikoa eta enpresa mundua konektatzen dituzten ekimen gehiago ere, esaterako, TZBZ aholkularitzak antolatzen dituen Global Futurizer topaketak.