ES | EU


2015ko Urria 15


Martxan da G5 Innova sarien bigarren edizioa. Grupo 5 zerbitzu sozialen kudeaketako enpresak sustatzen ditu sari horiek, arazo sozialentzako konponbide berriak babesteko. Lehiaketa beraizik zuzentzen zaie ekintzailetza sozialeko proiektu bat martxan jarri duten enpresei, erakundeei edo pertsonei, eta hautagaitzak aurkezteko epea zabalik egongo da urriaren 25era arte.

Sariketa Estatu osoan egiten da eta bertan parte har dezakete deialdia ireki baino gutxienez 6 hilabete lehenagotik (hau da, 2015eko martxoaren 15a baino lehenagotik) martxan dauden ekimenek, baldin eta 3 urte baino gutxiagoko antzinatasuna badute. Irabazleak 7.000 euroko saria jasoko du bere proiektua bultzatzeko, eta, horrez gain, Madril, Bartzelona edo Bilboko Impact Hub coworking-zentroko kide bihurtuko da (600 euro), kontaktu sarea sortzen hasi ahal izateko. Halaber, finalistek prestakuntza eta tailerrak jasoko dituzte proposamena eskalatzeko laguntza gisa.

Deialdiaren oinarriek diotenez, G5 Innova lehiaketako epaimahaiak bereziki baloratuko du ekimenek arazo sozialak hobetzeko izan dezaketen inpaktu erreala, beren berrikuntza maila, proiektua eskalatzeko potentziala eta IKTen erabilera sortzailea. Abenduaren 15ean jakinaraziko dute zeintzuk diren aurre-aukeraketa gainditzen duten 10 proposamenak. Prestakuntza saioak eta tailerrak egin ondoren, otsailean emango dituzte ezagutzera 3 proiektu finalistak, eta irabazlea zuzenean emitituko den finalean jakinaraziko da.

Iaz Visualfy proposamenak irabazi zuen, entzumen arazoak dituzten pertsonentzako teknologia irisgarria garatzen duen plataformak. Bere Visualfy aplikazioagatik saritu zuten, gorrek gorrentzat –eta edozein erabiltzailerentzat- garatutako Android aplikazio mugikorra, zeinak ikusizko eta ukimenezko abisuak bidaltzen baititu pantaila kolorez argituz dispositibora iristen den mezuaren arabera.

Grupo 5 zerbitzu sozialak kudeatzen dituen konpainia bat da, kolektibo kalteberen hobekuntza integrala helburu duena. Sari-banaketa hau G5 Innova ekimenaren barruan dago. G5 Innova laborategi bat da,  antolakundeetan barnekintzailetza sustatzera bideratuta dagoena.