Errenteriako gazteek gatazkaren memoriari buruzko kontakizun kolektiboa egin dute

2015ko Abendua 09,

“Oroimena bizigune” proiektua.

Oroimena bizigune – Habitar la memoria dokumental parte-hartzaile bat da, Errenteria eta Oarsoaldeako bederatzi gaztek egin dutena. Ekimenak helburutzat dauka iraganari buruzko gogoeta prozesu kritiko bat irekitzea ikus-entzunezko narratiba berriak erabiliz, eta horrela, elkarrekin eraikitzea bakearen eta bizikidetzaren kulturan oinarritutako etorkizuna.

Prozesua aurtengo otsailean hasi da. Parte-hartzaileek proiektuaren sorkuntzan lan egin zuten hiru hilabetez. Elkarrizketak hautatu eta galderak adostu zituzten lehenbizi, eta sakelako telefonoak erabili zituzten ondoren grabaketak egiteko. Herritarren ehun lekukotza inguru batu dituzte eta askotariko iritzi eta bizipenak bildu dituzte herrian bizitako indarkeriazko gatazkari eta giza eskubideen urraketei buruz. Lanaren emaitza dokumental batean jaso dute, zeina abenduaren 16an aurkeztuko baitute Donostiako Antzoki Zaharrean, eta abenduaren 17an Azkuna Zentroan. ““Oroimena bizigune – Habitar la memoria” proiektuaren webgunean ere ikus daitezke jasotako elkarrizketak eta ikus-entzunezko edukiak.

Irusoin produkzio-etxeak, Úbiqa enpresak eta Moviltik Kultur arloko Berrikuntza Elkarteak bultzatu dute ekimena, Errenteriako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Donostia-San Sebastián 2016 ekimenaren laguntzarekin. Proiektu horrek helburutzat izan du gazteei ahotsa ematea, iraganari buruzko kontakizuna eraiki eta etorkizuneko bizikidetzarantz aurrera egin dezaten, aurreko belaunaldien isiltasuna hautsiz eta elkarrizketarako espazioak irekiz. Esperientzia proiektu pilotu gisa garatu da, eta teknologia digitalekin esperimentatu dute ikus-entzunezko eduki kolektiboak sortzeko. Asmoa da esperientzia hau Euskadiko beste herri batzuetan ere erreplikatzea.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke