“Errealitate birtuala erabiltzen dugu portaerak ebaluatzeko, eta horri esker ebaluazioa pazientearen errealitatetik hurbilago dago”

2015ko Uztaila 23,

spri_innovacion_Nesplora
Nesplora lantaldea.

Nesplora Technology & Behavior enpresa giza-portaeraren analisian espezializatuta dago eta teknologia gorakorrak erabiltzen ditu horretarako. 2009an sortutako enpresa gipuzkoar honek garatutako produktu zenbaitek portaerak ebaluatzen dituzte errealitate birtualaren bidez. Produktu horiek aldez aurretiko ikerketa zientifiko zabal batean eta datu kopuru handiak aztertzeko eta integratzeko sistemetan oinarriturik daude. Aula Nesplora izeneko lehen produktua Arreta Defizita eta Hiperaktibitate Nahastea ebaluatzeko test bat da, zeina dagoeneko 22 herrialdetan erabiltzen baita. Nesplora duela gutxi sartu da Europar Batasunak berrikuntza maila altuko enpresei laguntzeko sustatu duen H2020 ETE Tresna laguntza programaren lehen fasean.

 

 

Nesplora enpresan giza portaera aztertzen duzue teknologia berriak erabiliz, zer egiten duzue zehazki?

 

Gure abiapuntua da psikologiak ere berritu egin behar duela eta teknologia berriak erabili behar dituela portaerak ebaluatzeko. Ideia horretatik abiatuta sortu zen Nesplora. 2009an hasi ginen, eta harrezkero hainbat tresna garatu ditugu funtzio kognitiboa eta portaera ebaluatzeko. Gaur egun know-how handia dugu eta I+G oso garatua. Gure helburua da test berritzaileak egitea, test horien bidez pazienteen portaerak ebaluatzeko, baina beren errealitatea hurbil-hurbiletik aztertuta, eta ez gurasoek, irakasleak edo haurraren pediatrak pentsatzen dutena bakarrik kontuan hartuta. Pertsonak nola jokatzen duen mundu errealean, hortitxik abiatzen ditugu gure testak.

 

Aula Nesplora da zuen lehen produktua eta errealitate birtuala erabiltzen du arreta defizitagatiko nahasteak detektatzeko. Nola funtzionatzen du?

 

Ikasgela birtual bat da. Haurrak ikaskideak ditu inguruan eta irakasleak arreta eskatzen duen zeregin klasiko bat jartzen dio. Gure lehen proiektua izaki, kontserbadore samarrak izan ginen nolabait esateko, zeren merkatuko dinamika hautsi beharra genuen eta ez ginen ausartu zeregin guztiz desberdin bat jartzen, baina halere baditu elementu berritzaileak. Arreta eskatzen duen zeregin hori arbelean agertzen da eta haurrak erantzun egin beharko dio, baina arreta galaraziko dioten elementuak agertuko dira inguruan. Ikasgela arrunt batean balego bezala sentituko da, eta horrela ikusiko dugu zein den bere arreta arazoa, baldin eta arazorik badu, eta baita ere zein den bere arreta maila denbora tarte zehatz batean. Laster merkaturatuko dugu garatu dugun hurrengo testa; kasu honetan, helduei zuzenduta dago eta berrikuntza maila handiagoa dauka.

 

Zertan datza?

 

Ice Cream Seller Test du izena, izozki denda batean garatzen delako, eta funtzio exekutiboen test bat da, zeinaren bidez neurtzen baitira laneko memoria, malgutasun kognitiboa, batera gertatzen ari diren ekintza askoren aurrean ikasteko gaitasuna, planifikatzeko gaitasuna eta beste hainbat parametro. Hori guztia ingurune zehatz batean gertatzen da: langilearen lehen laneguna da eta hainbat ekintza burutu behar ditu. Ez da zeregin klasiko bat, aldagai oso nahastuak dituelako, eta subjektuak ez daki zer gertatuko den bere inguruan.

 

Zein patologia edo portaera neurtzen ditu?

 

Test horren bidez detektatu daitezke eskizofrenia, depresio larria, edozein dementzia motaren hastapenak, eta balio du baita ere iktus bat edo tratamendu onkologiko bat jasan osteko balorazioak egiteko. Halaber, pertsona baten egoera desberdinak ere baloratu ditzake, esaterako, nekea edo argitasuna galtzea, eta gai da, bestalde, gure funtzio kognitiboaren aldaketa txikienak ere detektatzeko.

 

Zer eskaintzen dute errealitate birtuala edo gamifikazioa bezalako teknologiek portaerak aztertzeko orduan?

 

Funtsean, objektibotasun handiagoa. Esaterako, Aula tresnak eta gainerako testek gauza berbera baloratzen dute, baina gureak beste hainbat aldagai ere hartzen ditu kontuan: distrakzioarekin lotutakoak, belarrietatik eta begietatik heltzen diren estimuluen arteko desberdintasunak, arreta mantentzeko gaitasuna haurra ikusten ari denaren arabera… eta test tradizionalek neurtzen ez dituzten beste hainbat elementu. Hortik abiatuta, klinikoak nahaste motari buruzko informazio askoz zabalagoa edukiko du. Eta gauza bera gertatzen da helduentzako tresnekin. Pertsona bat patologia baten lehen faseetan badago, gaixotasuna azaleratzen da gauza asko batera eginarazten zaizkionean, baina test klasiko bat egiten bazaio, gerta liteke nahiko ongi gainditzea testa. Errealitate birtualeko ingurune batean, berriz, hainbat gauza batera eginarazi dakizkioke, eta orduan detektatzen da baduela arazo bat.

 

Aurten Monité ere merkaturatu duzue, eskolako jazarpena prebenitzeko bideojoko bat.

 

Bai, bullying-a portaera oso konplexua da, aktore askok parte hartzen dutelako: jazarleak, jazarriak, ikusleek, hezkuntza sistemak, gurasoek… Beraz, azterketa bat egin genuen eta ohartu ginen hobe zela bideojoko batekin eta modu inplizituan lantzea, ipuin bat balitz bezala. Era berean, prebentzioan zentratzea erabaki genuen, eta horregatik, jokoa 6 eta 11 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, 11 urtetik aurrera zuzeneko esku-hartzeak egin behar izaten baitira.

 

Zein ikuspegitatik lantzen du jazarpena Monité-k?

 

Bideojoko batek funtziona dezan, narratibotasun erakargarria eduki behar du ikaslearentzat, eta Espainiako haur eta gazte literaturako idazle ezagunenetako bati eskatu genion langintza hori, Daniel Nesquens-i. Ipuin honekin, haurrek jolastu ahala ikasten dituzte enpatiaren garapenarekin eta gainerakoekiko errespetuarekin lotutako nozioak, eta jokoak indargarri gisa baliatzen ditu guraso, irakasle eta terapeutentzako gidak.

 

Nola banatu duzue?

 

Oso harrera ona izan zuen merkatura iristean eta orain hasi gara saltzen. Hasieran uste genuen ikastetxeek izango zutela interes handiena, baina batez ere familiei saltzen ari gara eta horrek erakusten du gai honen inguruko kezka handia dagoela. Irailean ekintza bat jarriko dugu martxan hainbat ikastetxerekin, programa aplikatu dezaten, eta Latinoamerikan ere sustatuko dugu, arrakasta handia izaten ari baita, besteak beste, Mexikon eta Txilen.

 

Beste proiekturen bat garatzen ari zarete?

 

Bai, ebaluazio sistema berri bat sortu nahi dugu pertsona nagusien portaera nahasteak detektatzeko, eta laguntzen zain gaude. Esan behar dut babes handia jaso dugula erakunde guztietatik. Donostiako Sustapenak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, SPRIk eta Eusko Jaurlaritzak beti lagundu digute, eta seguruenik laguntza hori gabe ez zatekeen posible izango Nesplora sortzea.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke