E&P Sarea, irakaslez osatutako sare kolaboratiboa, robotika ikasgeletara eramateko

2015ko Urria 19,

spri_innovacion_EPsarea
E&P Sarearen irudia

E&P Sareak helburutzat du baliabideak, materialak eta ezagutzak partekatzea, eta bide horretatik, Gipuzkoako irakasleei laguntzea beren ikasgeletan programazioa sartzen. Ekimen hori 2013an sortu zen, ikaskuntza informaleko Ikaskidetza Sarearen bitartez eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, eta robotikako kit-ak eskaintzen ditu ikastetxez ikastetxe erabil daitezen.

Hasieran, Lego eta Arduino materialak erabiltzen zituzten proiektuan, eta gaur egun badituzte baita ere Makey Makey, Bee-bot eta Little Bits kit-ak, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 15 ikastetxe baino gehiagok erabiltzen dituztenak. Ekimenaren atariak dioenez, irakasleek zailtasun handiak zituzten Zientzia, Teknologia eta Matematika eskoletarako horrelako materialak lortzeko, ikastetxe askok ezin baitie halako gastuei aurre egin, eta horregatik sortu zen hain zuzen sarea. Hortik etorri zen baita ere eskatzen duten ikastetxe guztien artean materiala partekatzeko ideia, sare bat sortuz ezagutzak eta jardunbide egokiak trukatzeko.

Material horren xedea da robotika sartzea ikasgeletan eta ikasleek beren proiektuak sor ditzatela, ikasle horien artean zientziarako bokazioa pizteko eta pentsamendu logikoa, irudimena eta talde-lana garatzeko.  Asmoa da, bestalde, lankidetza sustatzea Gipuzkoan kokatutako ikastetxeetako arlo zientifiko-teknikoen artean, gainera, babesa emango zaie irakasleei teknologia horiekin esperimentuak egin ditzaten.

E&P Sareak lankidetza hitzarmen bat sinatu zuen 2014an Hirikilabs, Tabakalerako Laborategi Hiritarrarekin eta DSS2016 ekimenarekin, ikastetxeetan 3D inprimaketari eta elektronika sortzaileari buruzko tailerrak egiteko, eta horrela, teknologia horien potentziala ikasleei erakusteko. Urrian ireki da tailerren hurrengo ediziorako izena emateko epea.

Mertxe Badiolak, BHIP Nazaret zentroko irakasle eta E&P Sareko koordinatzaileak azaldu duenez, horrelako proiektuekin “esperientzia desberdinak garatzen dira ikasgeletan, eta esperientzia horien bidez talde-lana, sormena, irudimena eta batez ere pentsamendu logikoa lantzen dira gainerako ikasgaietan aplikatu ahal izateko”. E&P Sareak SIMO Educación, Irakaskuntzarako Teknologien Aretoan parte hartuko du Madrilen urriaren 28tik 30era, non ekimen hau aurkeztuko baitu teknologien bidez ikasteko eredu berriak sustatzeko jardunbide egoki gisa.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke