Emoteic proiektuak adimen anitzen hezkuntza sustatzen du aplikazio teknologiko bat erabiliz

2015ko Uztaila 09,

spri_innovacion_Emoteic
Proiektuen irudia.

Gasteizko NClic ikastetxea eta Gaia, Bilbomática eta Tecnalia erakundeak elkarrekin ari dira lanean Emoteic ekimenean. Emoitec tresna teknologiko bat da, adimen anitzetan oinarritutako ikaskuntza bultzatzen duena. Proiektu horren bidez aplikazio mugikor bat diseinatuko dute ikasle bakoitzaren adimen anitzak jasotzeko, aztertzeko eta jarraipena egiteko, eta horrela detektatuko dute zeintzuk diren bakoitzaren gaitasun garrantzitsuenak eta zein arlotan behar duten indargarriren bat.

Ekimen honek hezkuntza eredu zehatz bat babesten du, zehazki NClic eskola eta fundazioarena, zeinak metodologia berritzaileak sustatzen baititu hezkuntza prozesua hobetzeko eta ikaskuntzako zailtasunak gutxitzeko. Ikastetxeak adimen anitzen metodologia aplikatzen du, hala, neska-mutilek ikuspegi desberdinetatik lantzen dituzte hezkuntzako edukiak: besteak beste, linguistiko-ahozkoa, matematikoa, bisuala, pertsona artekoa edota musikala. Emoteic aplikazioarekin, irakasleek ikasle bakoitzaren jarraipena egin ahal izango dute, NClic zentroak garatutako ebaluazio irizpideen arabera. Tresna berri horri esker, irakasleek ikasle bakoitzaren eta ikasgela osoaren bilakaera ikusten dute, eta gehiago landu behar diren arloak detektatzen dituzte.

Gaia da proiektuaren koordinatzailea eta Bilbomática arduratu da garapen teknologikoaz. Tecnalia zentroak, berriz, aplikazioan jasotako informazioa aztertu eta grafikotan bistaratuko du. NClic ikastetxeak metodologia egin du eta berak baliozkotuko du proiektua, hezkuntza arloan duen esperientzian oinarrituta.

Emoteic proiektuak SPRIren finantzaketa jaso du Gaitek deialdiaren markoan. Gaitek Eusko Jaurlaritzaren laguntza programa bat da, oinarri teknologiko eta zientifikoko produktu eta enpresa berrien garapena babesten duena. Bilbomáticako lantaldea prototipo erakusle bat baliozkotzen ari da NClic ikastetxearekin batera, eta espero dute datozen hilabeteetan prest izango dutela.

Emoteic- Ikasleak eta adimen anitzak kudeatzeko sistema



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke