Emakumeen kalearen kondaira

2016ko Urtarrila 07,

Sra. Polaroiska kolektiboaren Andrekale proiektu artistikoaren irudia.

Urtarrilaren 18ra arte egongo da ikusgai Tabakaleran (Donostian) Andrekale bideo-instalazioa, Sra. Polaroiska kolektiboak Hernaniko 200 emakumeren parte-hartzearekin sortutako obra. Proiektu hori Komanditario Berriak ekimenaren barruan sortu da. Hernaniko alde zaharrean bada Andrekale izeneko kale bat, eta Hernaniko Berdintasun Batzordeak haren izena eta historia berreskuratu nahi izan ditu ekimen horren bidez.

Proiektuaren helburua da emakumeek kale hartan, eta beraz herriko espazio publikoan eta historian zuten presentzia ikusaraztea, zeren Berdintasun Batzordeak azpimarratu zuen bezala, Hernaniko 80 kale eta plaza izenetatik 24 gizonenak dira, eta 5 bakarrik emakumeenak, gainera, kasu guztietan amabirjina edo santuei eskainiak. Andrekale instalazioak gogoeta eragingo du kale izenen eta historia idaztearen arteko harremanaz, eta ikuspegi artistikotik aztertuko du zeintzuk diren Andrekaleko emakumeak. Hernaniko kale horri beti deitu izan zaio horrela herrian, baina, ofizialki, 1896 eta 1900 artean bakarrik izan zuen izen hori. Ondoren Urumea izena eman zioten, eta 1927an, berriz, Kardaberaz izena hartu zuen. Proiektu honi esker Berdintasun Batzordeak bere aldarrikapena aintzat hartzea lortu zuen, eta 2015eko otsailean Andrekale izena eman zioten berriro.

Instalazioak hiru bideo ditu, hiru emakumeren fikziozko istorioak hain zuzen. Herriko emakumeen parte-hartzearekin egin ziren, zeintzuek urriaren 25ean kalea okupatu eta espazio publikoaz gozatu zuten. Proiektua Komanditario Berriak ekimenaren baitan egin da. Komanditario Berriak-ek kolektibo hiritarrek enkargatutako obren sorkuntza bultzatzen du, obra horien bidez haien premia edo nahiak asetzeko. Komanditario Berriak proiektua duela 20 urte sortu zen Frantzian, eta pixkanaka beste eskualde batzuetara hedatu da, besteak beste Euskadira, non Eusko Jaurlaritzaren, Daniel & Nina Carasso Fundazioaren, Fondation de France eta Conexiones Improbables ekimenaren laguntza baitu.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke