“EmakumeakEre”, gizartearen esparru guztietan emakumearen presentzia sustatzen duen ekimena

2015ko Urria 28,

LaMujerTambienEn - EmakumeakEre
kanpainaren kartela

Ikaslan-Bizkaiko Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen elkarteak LaMujerTambiénEn-EmakumeakEre sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan. Ekimen horren xedea da ikusgarritasuna ematea emakumeei bizitza profesional eta sozialaren esparru desberdinetan, eta emakumeen presentzia handitzea  oraindik presentzia eskasa duten tokietan.

Kanpainak dei zabala egiten die pertsona eta antolakunde guztiei; parte hartzeko #LaMujerTambienEn edo #EmakumeakEre traolak erabili behar da eta esaldia osatu ingurune profesional, kultural edo publikoak aipatuz. Ekimen honek helburutzat dauka emakumearen presentzia sustatzea bereziki Lanbide Heziketako moduluetan, eta emakumeak gutxiengo diren lan sektore guztietan. Ikaslan Bizkaiak dio oraindik oso emakume gutxi matrikulatzen direla teknologia, industria edota ingurumen sektoreekin lotutako prestakuntza zikloetan, nahiz eta horietatik ateratzen diren profesionalek enplegagarritasun-indize altua eta lan-baldintza onak izaten dituzten.

Horregatik, Ikaslan Bizkaiak kanpaina hau abiarazi du, batez ere bere ikasle, irakasle eta Lanbide Heziketako zentroekin lotura duten enpresentzat, baina baita ere gizarte osoarentzat. Twitter sarean dagoeneko hainbat mezu partekatu dituzte emakumeen presentzia handiagoa eskatuz, besteak beste, erabaki organoetan, kirolean, eraikuntzako eta telekomunikazioko enpresetan…

“EmakumeakEre” ekimena Emakundek antolatutako Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako Foroko jardueretako bat da, zeina urriaren 8an hasi eta abenduaren 18an amaituko baita. Foro horrek urtero eskatzen die erakunde publiko eta pribatuei berdintasunarekin lotutako ekimenak sar ditzatela beren jardueren artean. Forora biltzen diren jarduerak  EAE osoan  antolatzen dira ehun bat erakunde baino gehiagoren laguntzarekin: hitzaldiak, eztabaidak, erakusketak, aurkezpenak eta zine-forumak. Berdintasunerako Foroaren programa osoa Emakunderen atarian kontsultatu daiteke.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke