Elhuyarrek tresna bat sortu du berrikuntza sozialeko proiektuak ebaluatzeko

2015ko Iraila 24,

spri_innovacion_InnovSocialElhuyar
Elhuyarrek irizpide batzuk sortu ditu berrikuntza sozialeko proiektuetan kontuan har daitezen.

Elhuyar Aholkularitzako lantaldeak tresna berri bat garatu du ekimenak, zerbitzuak edota produktuak ebaluatzeko, berrikuntza sozialeko adierazle desberdinen arabera. Tresna horren helburua da berrikuntza sozialeko proiektu berriak diseinatzen laguntzea eta proiektu horiek gizartean duten inpaktua balioan jartzea.

Proiektu hau lan-prozesu baten bidez gauzatu da, eta prozesu horretan finkatu dituzte berrikuntza sozialeko ekimen bat ebaluatzean kontuan hartu behar diren hainbat ezaugarri, tresnaren barruan adierazle bihurtzen direnak.  Zortzi dira guztira: sormena eta dinamismoa, lan kolaboratiboa, gobernantza demokratikoa, euskararen sustapena, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, tokiko garapen sostengarria, bideragarritasuna eta transferentzia.

Tresna berri horren bidez proiektuek esparru horietako bakoitzean duten eragina ebaluatu daiteke, eta proiektuarekin lotutako eragile desberdinen ikuspegiak ere kontuan hartzen dira, hala nola talde sustatzailearenak, bertan parte hartzen duten pertsonenak eta oro har gizartearenak. Azken helburua da ekimen bakoitzaren indar-guneak eta ahuluneak detektatzea eta hobekuntza posibleak proposatzea. Elhuyar Aholkularitzak tresnaren bertsio laburtu bat ere eskaintzen du bere web orrian, edozein pertsona edo antolakundek bere proiektuaren auto-ebaluaketa egin dezan.

Elhuyarreko lantaldea 2013an hasi zen tresna berri hau sortzen, eta berrikuntza sozialaren esparruan lan egiten duten eragile eta antolakundeen laguntzarekin diseinatu dute. Prototipoa 10 ekimenetan probatu dute tresna hobetzeko, eta tresnaren garapenean Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Sailaren laguntza izan dute.

Ebaluazio tresna berri hau Elhuyarrek berrikuntza sozialaren esparruan bultzatzen duen ikerketa-lanaren barruan kokatzen da, helburutzat harturik erakunde, kolektibo eta antolakundeei tresna berriak eskaintzea gizartearen garapen sostengarri eta integratzailearekin lotutako irizpideak ezarri ahal izateko. Asmoa da baita ere tresnaren bidez Euskadiko berrikuntza sozialeko proiektuak ikusaraztea, eta berrikuntza sozialarekin lotutako eragile- eta ekimen-sare bat sortzea.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke