Ehun proiektutik gora aurkeztuko dira Bilbao Maker Faire azokaren hurrengo edizioan

2015ko Azaroa 12,

Bilbao Maker Faire azokaren kartela.

Azaroaren 20, 21 eta 22an teknologia berriei, fabrikazio digitalari eta do it yourself sorkuntzari buruzko Bilbao Maker Faire azokaren hirugarren edizioa ostatatuko du Zorrozaurreko Galleta Fabrika Zaharrak. Aurtengo egitaraua aurrekoetakoa baino zabalagoa izango da, eta dagoeneko iragarri dituzte topaketan aurkeztuko dituzten hainbat proiektu.

Laborategi eta fabrikazio digitaleko espazioei dagokienez, Euskadiko hainbat proiektuk parte hartuko dute azokan, hala nola hauek: TZBZ ekintzaile taldeak bultzatutako The Makery ekimena,  fabrikazio digitaleko teknologiak ikertu eta haiei buruzko hezkuntza ematen duena; eta Deusto Fab Lab, zeinak berriki inauguratu baititu Deustuko Unibertsitateko bere instalazioak. Laborategiko arduradun Szilárd Kados-ek Interactive Goose Game proiektua aurkeztuko du, non teknologia berriak eta antzarraren taula-joko tradizionala konbinatu baitituzte.

IEFPS Don Bosco ikastetxeko ikasleek Arduino eta 3D inprimaketan oinarritutako eta inguruko elkarte eta enpresekin lankidetzan sortutako proiektuak aurkeztuko dituzte; The Open Shoes ekimeneko arduradunek, berriz, 3D inprimagailuekin sortu duten ongizate modularreko oinetako berritzailea erakutsiko dute. Ingeniaritzako ikaslez osatutako Bilbao Dynamics taldeak ere parte hartuko du azokan, zeinak elkarte bat sortu baitu gazteek robotikaren aldera duten interesa sustatzeko.

3D inprimaketaz eta kode irekiko hardwareaz harago, bestelako gaiekin lotutako proiektuak ere aurkeztuko dira azokan, hala nola materialen berrerabilpen sortzailea bultzatzen dutenak eta egizu zerorrek filosofia ikuspegi desberdinetatik aplikatzen dutenak (hezkuntza, artea, arkitektura…). Pez Estudio taldeak Agronautas ikerketa izango du hizpide. Ikerketa hori ekipamenduen eraikuntza kolaboratiboan oinarritzen da, berrerabilpen eta ingurumenaren sostengarritasun printzipioei jarraiki. Bestalde, ekosistema produktibo txikiak eraikitzeko tresnak sortzen dituen Birika enpresa sozialak Ttipibai aurkeztuko du, akuaponian oinarritutako etxerako hazkuntza sistema. Orobat aurkeztuko da hezkuntza arloko LataTxo proiektua, kontserba latak, esne brickak eta argazki-film hutsak berrerabiltzen dituena argazki kamerak eraikitzeko.

Hiru egun horietan mundu osoko ehundik gora proiektu, enpresa eta maker talde bilduko dira Bilbao Maker Faire azokan, non adin guztietarako aurkezpen, hitzaldi eta tailerrak eskainiko baitira. Open Espazioak antolatu du azoka, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntza jaso du.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke