EE Music, musikaren sektorean energia sostengarritasuna bultzatzeko ideia sortzaileak

2015ko Ekaina 03,

spri_innovacion_EEMusic
EE Music kartela.

Uda musika-jaialdien garaia da eta mikrokosmos horretan zerbitzu mordoa kudeatzen dira milaka lagunen premiei erantzuteko: argia eta ura, garraioak, hondakinak, janaria eta, nola ez, entretenimendurako jarduerak. Eta ingurune hori ezin hobea da energia sostengarritasunarekin lotutako konponbide berriak probatzeko eta, bide batez, ekitaldira doazenen kontzientziazio soziala sustatzeko.

Adibide bezala aipa genezake Imogen Heap y Fruit Pie Music erakundeak 2012ko Lurraren Egunaren karietara Britainia Handian antolatu zuen ekitaldia. Jaialdirako behar izan zen energiaren %90 eguzki xafletatik eta 23 txirrindularik osatutako instalakuntza batetik atera zen, zeintzuek pedalei ematean eszenatokia argitzeko behar zen energia sortu baitzuten, ikuskizunaren parte bihurtu zirelarik. Gainera, kontzertua kutsadura akustikoa saihesteko bereziki diseinatutako kupula batean egin zen eta ikusleek aurikularrak erabili zituzten, soinu sistemak sortzen duen energia kontsumoa murriztuz.

Musika industriaren munduko beste praktika sostengarri bat Osloko Øya Festival da, kasu honetan arruntagoa eta urtero 85.000 lagun biltzen dituena. 2010ean, antolatzaileek sorgailuak kendu eta energia berriztagarriko sareak jarri zituzten, gainera, LED argiak eta kontsumo baxuko argiak erabiltzen dituzte, laurdenera murriztu delarik energia kontsumoa. Gainera, sostengarritasunari buruzko komunikazio kanpaina handiak egiten dituzte ekitaldia baino lehen eta ekitaldian zehar, langileak, enpresak, artistak eta publikoa kontzientziatzeko.

Bi kasu horiek jasota daude EE Music ekimenak egin duen jardunbide egokien bilduman. Europako bederatzi bazkidek osatzen dute EE Music partzuergoa, musikaren eta energia sostengarrien sektorekoak guztiak, eta Europako Batzordearen Intelligent Europe programaren bidez finantzatzen da. Proiektu honen helburua da bi sektoreen arteko zubiak sortzea. Topaketak eta prestakuntza tailerrak antolatzen dituzte musika sektorean energia eraginkortasunaren kultura bultzatzeko eta aldi berean berrikuntza eta sormena sustatzeko.

Ekainaren 1ean EE Music partzuergoa Bilbon aurkeztu zen, eta Estatuko lehen tailerra antolatu zuten jardunbide egokiak eta tresnak ezagutzera emateko. Topaketa hori Bilbo Rock aretoan izan zen eta Greenize aholkularitza energetikoak koordinatu zuen. Bestalde, Bilboko BEAZ espazioan erakusketa bat egingo dute energia kontsumoarekin eta kutsadurarekin lotutako instalakuntza artistikoak erakusteko.

Maila globalean, EE Music ekimenak prestakuntza topaketak antolatzen ditu Europako 27 herrialdetan, eta proiektuaren atarian hainbat baliabide eskaintzen ditu, besteak beste, musika industriako sustatzaile eta profesionalentzako gidak edo EE Music IG doako tresna, hots, musika-ekitaldi eta -jaialdien ingurumen inpaktua neurtzeko balio duen kalkulagailua.
EE Music Austrian


Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke