EATendencias: elikadura iragankor, etiko eta pertsonalizaturantz

2016ko Martxoa 23,

AZTI Tecnaliak elikadura arloan detektatutako 9 joera globalak.

AZTI Tecnaliak azterlan batean argitaratu ditu janariaren etorkizuna markatuko duten mundu mailako joerak. EATendencias izeneko txostenak bederatzi ildo handi antzeman ditu, eta, txostenaren arabera, datozen urteetan ildo horietarantz lerratuko dira elikadura arloko produktuak eta zerbitzuak. Azterlanak dioenez, badira kontsumitzaileen erabakietan gero eta garrantzi handiagoa izango duten hainbat elementu: ingurumenarekiko eta gizartearekiko kontzientziazioa, neurrira eginiko elikadura eta osagai soziala.

Hain zuzen, Elikadura arloko kontzientzia da AZTIko lantaldeak detektatu duen joeretako bat. Hiritarrek nahiago dituzte ingurumenarekin eta gizartearekin sostengarriak diren produktuak. Izan ere, mota horretako markak %7 hazi ziren 2014an. Horren adibide dira ekonomia zirkularrean oinarritutako produktuak (hondakinik sortzen ez dutenak) eta baita ere solteko salmenta. Joera horrek lotura dauka EATendencias txostenean detektatu diren beste bi aurreikuspenekin: Tokiko kontsumoa eta Empathic/Human produktuak, hau da, enpresa garden, sozialki arduratsu eta zintzoak.

Elikadura iragankorra da beste joera handi bat. Gaur egungo bizitza-erritmoak edonon eta edonoiz kontsumitzeko moduko elikagaiak eskatzen ditu, hots, unean uneko asebetetzea eskaintzen dutenak. Hala ere, horrek ez du esan nahi produktu horiek ezin dutenik izan osasuntsuak eta kalitatezkoak. E-health gailuei esker, hiritarrok askoz ere informazio gehiago daukagu geure osasunari buruz, eta joera hori elikaduraren mundura ere iritsiko da pixkanaka. Azterlanaren arabera, gero eta gehiagotan ikusiko ditugu kontsumitzaile bakoitzaren premien arabera pertsonalizatutako produktuak, esaterako, beraizik pentsatuta daudenak urdail eta hesteetako gaixotasunak dituzten pertsonentzat edo bitamina zehatz batzuen gabezia dutenentzat. Teknologia iritsi da baita ere elikagaien ontzietara, produktuari buruzko informazioa ematen duten etiketa adimendunak dituztelako.

Hona hemen datozen urteetan elikaduraren munduan eragina izango duten beste joera batzuk: Eatertainment edo janariarekin lotutako esperientzia dibertigarri eta gozagarriak bilatzea; Do it yourself elikaduraren mundura eramanda; eta faktore sozialaren garrantzia. Azken horrek bere baitan hartzen ditu iritziak partekatzeko plataformak, baina baita ere etxe partikularretan otorduak eginez tokiko kultura ezagutzeko ekimenak edo janaria trukatzen duten komunitateak, zaborrontzian bukatu ez dezan.

AZTI Tecnaliak Food Trend Trotters proiektuan garatutako merkatu-ikerketak hartu ditu oinarritzat EATendencias azterlana egiteko. Honako hau ikerlari taldeak egin duen bigarren txostena da –lehena 2012an egin zuten- eta helburutzat du hainbat giltzarri ematea nekazaritza eta elikadura arloko enpresei, produktu eta zerbitzu berritzaileak garatzen laguntzeko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke