E-connector, Europako eta Asiako sorkuntza industriak konektatzeko baliabideak

2016ko Otsaila 25,

Kultur eragileentzako 30 baliabide inguru daude E-connector ekimeneko katalogoan.

ASEF -Asia-Europe Foundation- erakundeak E-connector proiektua jarri du martxan. Proiektu horren bidez, Europa eta Asiako kultur eta sorkuntza industriak sustatu nahi dira ekintzailetza iturri gisa, konexioak sortuz bi kontinenteen artean. Lehenik eta behin, direktorio bat argitaratu da sortzaileentzat, kultur arloko profesionalentzat eta sektore horien inguruan lan egiten duten eragileentzat baliagarri izan daitezkeen baliabideekin.

Direktorio horren helburua da enpresek eskura dituzten baliabideen panoramika bat eskaintzea: ikerketak eta dokumentazioa, prestakuntza edo finantzaketa eskuratzeko plataformak, laborategiak eta kultur proiektuei laguntzeko sareak, adibidez. Baliabide gehienak Europako ekimenetakoak dira, baina Asiako herrialdeetan ere badaude plataformak eta ekimenak. Era berean, E-connector proiektuaren asmoa da bi kontinenteetako kultur eragileen arteko sareak sortzea eta mugikortasuna sustatzea.

Baliabideak katalogo formatuan argitaratu dira, E-connector proiektuan jasotako ekimen bakoitzerako esteka eta guzti. Direktorioan hainbat atal daude: klusterrak, plataformak, sorkuntza laborategiak, kultur industriei laguntzeko ekimenak, ekintzaile sortzaile gazteei laguntzeko programak, herrialde anitzetako hazkuntza programak, e.a. Argitalpen horrek baita ere biltzen ditu Europako sorkuntzaren merkatuari buruz eginiko ikerketa eta txostenak, kultur sektoreetan oinarritutako negozio eredu berriak eta organismo publikoek eskaintzen dituzten finantzaketa aukerak.

Luxembourg Agency for Cultural Affairs agentziak, kultur arloko mugikortasunerako On the Move sareak eta Asia hego-ekialdeko artista komunitateen lana hedatzen duen Planting Rice plataformak egin dute azterlana. Asmoa da aurrerantzean ere kultur edukien digitalizazioari eta sortzaile nahiz kultur eragileen mugikortasunerako aukerei buruzko baliabide-direktorioak egiten jarraitzea.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke