DSS2016 ekimenak kultur espazioak berrasmatu ditu musikaren bidez

2015ko Maiatza 07,

spri_innovacion_music box festivala
Music Box Festibalaren kartela.

Maiatzean “Music Box Festibala” jarriko da martxan. Proposamen orijinal horrek musika kutxa bihurtuko ditu espazio publiko eta pribatuak, hiritarrentzat zabalik egongo diren kultura-gune iragankorrak sortuz.  Maiatzaren 9an (larunbatean) Anoeta estadioa musikaz beteko da, non 5.000 interprete baino gehiago aldi berean ariko baitira. Entsegu publiko bat izango da datorren urtean mundu osoko 20.000 musikari bilduko dituen Emusik Jaialdiari begira.

Donostiako moila, Arkitekto elkargoa edo 2016 gunea musika kutxa bihurtuko dira egun batez eta nazioarteko zein bertako artistak ostatatuko dituzte Music Box Festibala proiektuaren barruan. Donostia-San Sebastián 2016 lantaldeak jarri du abian ekimena, zeinak helburutzat baitauka hiriko toki desberdinak kultur espazio bihurtzea. Egitaraua aurtengo maiatzean hasiko da eta 2016ko azarora arte iraungo du. Asmoa da Donostiako txoko desberdinak berriro deskubritzea eta etorkizunean erabilpen desberdinak eman ahal izatea.

Guztira 15 kontzertu egingo dira espazio publiko eta pribatuetan, eta musika kutxa gisa atonduko dituzte Arkitektura Eskolako ikasleen eta Gipuzkoako Arkitekto Teknikoen Elkargoaren laguntzarekin. Lehen kontzertua maiatzaren 17an egingo da 2016 Gunean eta bertan arituko dira Devendra Banhart eta Andy Cabic musikari estatubatuarrak eta Mannet talde bilbotarra. Ekainaren 12an Motorama errusiarrak eta Zarautz Perlak laukotea arituko dira eta irailaren 11n, berriz, Is Tropical britainiarrek eta Las Tea Party taldeak dantzaz beteko dute Donostiako moila.

Donostia Europako Kultur Hiriburua egitarauaren barruan bada musikaren arloko beste ekimen bat: Emusik, Musika Eskolen XII. Europako Jaialdia, musikari gehien aldi berean jotzen elkartuko dituen kontzertua. Europan ez da inoiz horrelakorik antolatu eta 26 herrialdetako 20.000 interprete ariko dira guztira. Europako Egunaren karietara, DSS2016 ekimenak topaketa horren sarrera moduko bat antolatuko du maiatzaren 9an Anoeta estadioan, non 5.000 musikarik hainbat kantu interpretatuko baitituzte unisonoan. Ekitaldira joan nahi dutenek webaren bidez eskuratu ditzakete gonbidapenak, non crowdfunding estiloko salmenta sistema bat jarri baitute martxan, sarrerak eskainiz 5 eurotik aurrera jaialdiarekin kolaboratu nahi dutenentzat.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke