DSS2016 ekimenak hiztegiak banatzen dituen makina bat sortu du euskara sustatzeko

2016ko Martxoa 22,

Europako Hizkuntzen Mapa izango da EusKarriak ekimenaren lehen instalazioa.

Donostia 2016 Fundazioak eta Bagera Elkarteak EusKarriak proiektua aurkeztu dute, Donostiako hizkuntza aniztasuna erakusteko. Ekimenaren helburua da gogoeta egitea Donostian mintzatzen diren hizkuntza desberdinei eta kultura aniztasunean duten paperari buruz, arreta berezia eskainiz euskararen hedapenari.

Hiriko puntu desberdinetan kokatuko diren hainbat instalaziok osatuko dute proiektua. Bada bat benetan harrigarria dena: hiztegiak banatzen dituen makina bat, kalean dabiltzanek unean bertan inprima ditzaten euskaratik beste 50 hizkuntzatarako itzulpenak (eta alderantzizkoak) jasotzen dituzten liburuxkak. Hiztegi horiek Topaguneak sortutakoetan oinarritzen dira, eta 260 hitz inguru izango dituzte.

Hamar boluntarioko talde bat ari da makina diseinatzen eta eraikitzen Hirikilabs laborategian, urtarrilean abiatu zen deialdi hiritarraren barruan. Kode irekiko teknologiak erabiliko dituzte prozesu osoan, eta dispositiboa udaberrian kokatuko dute Donostiako hirigunean.

EusKarriak ekimenak dagoeneko aurkeztu du bere lehen instalazioa: Europan mintzatzen diren 91 hizkuntzak erakusten dituen tamaina handiko egurrezko mapa bat. Nestor Basterretxea plazan, Tabakalera eraikinaren kanpoaldean, kokatuta dagoen euskarri hori egiteko CIEMEN eta UPV/EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedraren mapa bat hartu da oinarritzat. Datozen hilabeteotan Euskarriak proiektuko beste instalazio batzuk kokatuko dira hiriko hainbat auzotan.

Ekimen honen atzean hogeita hamar bat laguneko talde baten lana dago. Talde horretara biltzen dira, besteak beste, hizkuntzako adituak, artistak eta Donostiako hiritarrak, zeintzuk elkarlanean aritu baitziren proiektu parte-hartzaile batean instalazio bakoitzaren edukiak eta diseinuak erabakitzeko. Martxoaren 23tik aurrera proiektuaren webean kontsultatu ahal izango dira EusKarriak ekimeneko sorkuntzak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke