Donostiak topagune bat antolatu du bizikleta bultzatzeko esperientziei buruz

2016ko Otsaila 16,

Donostiako Udalak, Cristina Enea Fundazioak eta Kalapie txirrindulari elkarteak koordinatzen dute Donostiako Bizikletaren Behatokia.

Otsailaren 26an Bizikletaren aldeko udal esperientzien II. jardunaldia egingo da, hiri-inguruneetan bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzeko estrategiei buruz eztabaidatzeko. Ekitaldian baita ere aurkeztuko da Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratutako Bizikletaren udal gida – Nola garatu bizikleta bidezko mugikortasunerako tokiko politikak.

Jardunaldiaren helburua da topagune bat eskaintzea udal teknikari eta arduradunentzat, baina, halaber, hiriko espazioan bizikleta bultzatu nahi duten erakunde, kolektibo eta eragileentzat. Topaketaren asmoa da bizikleta bidezko mugikortasun arloko gaiak lantzea, hainbat udaletan gauzatutako ekintzak eta esperientziak ezagutzera ematea, eta bizikletaren erabilpena sustatu nahi duten erakundeentzat interesgarriak diren gaiak eztabaidatzea.

Ekitaldiaren barruan, aipatu dokumentua aurkeztuko dute gida berriaren egileek, hots Alfonso Sanzek (Gea21eko mugikortasun aholkularia) eta Manu Gonzálezek (Donostiako Bizikletaren Behatokiko arduraduna). Argitalpenaren helburua da, batez ere, tresnak eta oinarri kontzeptualak ematea udalek bizikleta bidezko mugikortasunaren esparruan egin ditzaketen ekintzei buruz; orobat aipatzen ditu tokiko ingurunean garatu daitezkeen ekintza zenbait eta dagoeneko martxan jarritako praktika batzuk.

Esperientzia horietako batzuk ere aurkeztuko dira jardunaldian, eztabaida sustatzeko eta emaitzak partekatzeko; esaterako, Legazpin, Zarautzen eta Donostiako bidegorrietan egin dituzten udal esku-hartzeak eta kostu baxuko egokitzapenak, eta Irunen ezarri duten 30 kilometro orduko abiadura muga. Era berean, oinezkoen eta bizikleten artean sortzen diren arazoak jorratuko dira, Donostiako Udalaren kontzeptuak eta arauak oinarritzat hartuta.

Jardunaldia Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregian egingo da, eta, bertan izango dira, besteak beste, Marisol Garmendia, Mugikortasun eta Lurraldearen Antolamenduko Foru Diputatua, eta José María Hernández, Cristina Enea Fundazioko zuzendaria.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke