Donostia Open Inn proiektuak berrikuntza irekia aplikatzen du gazteen enplegua bultzatzeko

2015ko Iraila 15,

spri_innovacion_DonostiaOpenInn
Donostiako berrikuntza irekiko prozesuaren mapa.

“Nola hobetu Donostiako gazte kualifikatuen eta aukera profesionalen arteko konexioa?” Horixe izan da Donostia Open Inn proiektuak aurkeztu duen lehen erronka. Donostiako Sustapenak koordinatzen du proiektua eta berrikuntza irekiko metodologietan oinarritzen da ideia berriak bultzatzeko.

Donostia Open Inn plataforman egin zen galdera, ideiak proposatu nahi dituzten hiritarrek, enpresek eta erakundeek ere parte har zezaten. Hortik abiatuta, berrikuntza irekiko programa pilotu bat garatuko da, denen artean diseinatzeko erronkari erantzuna emango dion ekintza plan bat. Prozesu horren barruan, ekainaren 30ean jardunaldi bat antolatu zen, gazteen enplegua susta dezaketen eta Donostiara ekar daitezkeen nazioarteko proiektuak identifikatzeko.

Ekimen batzuek proposatzen dute onlineko espazioak sortzea enplegua bilatzeko, horietako bat da, esaterako, Ekstra Start plataforma suediarra, non lan eskaintzak, enpresetako praktikak eta boluntariotza-lanak jasotzen baitira lan esperientziarik ez duten gazteentzat. Beste proiektu batzuek, adibidez General Assembly ekimenak, prestakuntza espezifikoa eskaintzen dute enplegua bilatzeko. Hezkuntza zentro horretan teknologia, diseinua eta ekintzailetza irakasten dituzte eskolak eta auto-ikaskuntza konbinatzen dituen modelo malgu batekin. Manchester Bidwell Corporation ekimenak, berriz, inguruko enpresen eskaeran oinarritutako prestakuntza programa espezifikoak eskaintzen ditu.

Estatuko proiektuen artean aipatzekoa da Lanzaderas de empleo berrikuntza sozialeko ekimena. Proposamen horrek langabezian dauden pertsona talde heterogeneoak sortzen ditu, zeintzuk egunero elkartzen baitira zentro batean prestakuntza jasotzeko, enplegua bilatzeko eta elkarri laguntzeko tutore baten laguntzaz. Gaur egun horrelako 102 zentro daude Espainia osoan, eta 2014an horietakoren batean parte hartu zuten pertsonen %65 inguru lanean ari dira beren kabuz edo besterentzat.

Donostia Open INN plataforma Europako GeniUS! proiektuaren barruan dago eta Europar Batasunaren URBACT II programak finantzatzen du proiektu hori. Beste hiru hirik ere parte hartzen dute ekimen horretan, Siracusa, Tallin eta York-ek, helburutzat dutelarik metropolien erronkentzako konponbideak bilatzea berrikuntza irekiko prozesuen bitartez. Gaur egun bigarren erronka ere zabalik dago, kasu honetan enplegu aukerak bilatzeko eta ekonomia kolaboratiboaren bitartez bizi-kalitatea hobetzeko.

Zentzu horretan, erronkaren foroak bere baitan hartzen ditu dagoeneko martxan dauden hainbat proposamen, partikularren arteko kolaborazioan eta gutxi erabiltzen diren baliabideen erabileran oinarrituta daudenak. Hona hemen adibide inspiratzaile batzuk: Streetbank plataforma, zeinaren bidez bizilagunek baliabideak eta ezagutzak partekatzen baitituzte; Task Rabbit, mikro-atazak kontratatzeko espazioa; edota Leftover swap, non erabiltzaileek soberan duten janaria partekatzen baitute auzokoekin, helburu bikoitza betetzeko: hondakinak murriztea eta, batez ere, inguruan bizi diren pertsonekin lotura sozialak sortzea.

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke