DIY Toolkit gidak 30 tresna praktiko eskaintzen ditu proiektu sozialetan berrikuntza bultzatzeko

2015ko Urria 14,

spri_innovacion_DIYToolkitNesta
DIY Toolkit berrikuntza-prozesuak garatzeko tresna sinpleak biltzen dituen gida bat da.

DIY Toolkit gidak liburu berean batu nahi izan ditu  berrikuntza prozesuak bultzatzeko, antolakunde baten barruan erronka zehatzak konpontzeko edo beste ingurune batzuetan martxan dauden proiektuak egokitzeko baliagarriak direla frogatu duten metodologia eta tresna guztiak. Argitalpen hori online dago eta NESTA berrikuntza agentzia britainiarrak egin du, proiektu sozialek ideia berriak asmatu edo egokitu ditzaten.

DIY (Development, Impact & You) hilabete askotako lanaren emaitza da. NESTAko lantaldeak sektore desberdinetan erabiltzen diren ehunka instrumentu eta metodologia aztertu ditu lan hau osatzeko. Proiektu pilotuak egin dituzte bildutako guztia esparru sozialeko profesionalekin kontrastatzeko, eta orain, baliagarrienak eta inplementatzeko errazenak izan ziren 30 tresnak aukeratu dituzte gidarako. Proiektuko arduradunek azaldu dutenez, “berrikuntza prozesu ia magiko bat bailitzan azaltzen da, baina ez dugu misterio bat bezala ikusi behar. Egia da berrikuntza gutxitan dela sinplea edo aurreikusgarria, baina arretaz begiratuz gero ikus daiteke berrikuntza prozesua egituratuta eta sistematizatuta dagoela”.

Gida hori tresnaz eta metodoz betetako kutxa bat da, eta sailkatuta daude kontuan hartuta zein unetan dagoen antolakunde bat edo zein erronkari aurre egin nahi dien, eta nahiz eta batez ere garatzen ari diren proiektu sozialei zuzenduta dagoen, edozein pertsona taldetan aplikatu daiteke. Argitalpenak 30 tresna eskaintzen ditu hainbat ataletan banaturik eta helburua kontuan harturik: lan plan bat garatzea, lehentasunak argitzea, arazo baten testuingurua ulertzea, antolakundean lan egiten duen jendea ezagutzea edo ideia berriak sortzea, besteak beste.

Hala, esaterako, Swot Analysis tresna aproposa izan daiteke helburu bateranzko bidea baldintzatzen duten faktoreak mapeatzeko, Building Partnerships Map tresnarekin beste antolakunde batzuekiko lankidetzak eraiki daitezke urratsez urrats, eta Storyworld erabil daiteke jasotako informazioa egituratzeko, garrantzitsuena detektatuz eta eduki kopuru handiegiak saihestuz. Tresna bakoitzarekin batera dator praktikan jartzeko behar den material guztia, eta baita ere dagoeneko aplikatu dituzten antolakunde edo pertsona taldeen lekukotzak.

DIY Toolkit gida dohainik deskargatu daiteke Creative Commons lizentziapean, komunitateak berrerabili dezan. Plazaratu zenetik hainbat tokitan erabili dute, adibidez, Afrikan proiektu sozialak garatzeko berrikuntzako programetan, Ashoka Changemakers laborategietan eta munduko toki askotako ekintzailetza sozialeko hub-etan. NESTAk gaur egun lankidetza proiektu bat du eskuartean The Open University erakundearekin batera, DIY Toolkit tresnetan oinarritutako onlineko ikaskuntza programa bat sortzeko eta programa horren bidez berrikuntza garatzeko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke