Diálogo de Saberes ekimenak unibertsitatea eta mugimendu sozialak elkartuko ditu bakea eraikitzeko

2015ko Abendua 03,

DSS2016 eta UPV/EHU erakundeen Ehunberri proiektuaren barruan kokatzen da Diálogo de Saberes topaketa.

UPV/EHUk eta gizarte-mugimenduek Euskadiko gatazkari, indarkeriari eta bakeari heltzea” lelopean, Diálogo de Saberes topaketak bakea eraikitzen laguntzeko ezagutzak partekatu nahi ditu, zubiak sortuz mundu akademikoaren eta gizartearen artean. Jardunaldiak abenduaren 11n eta 12an egingo dira Carlos Santamaria Zentroan eta UPV/EHUk Gipuzkoan duen campuseko Irakasle Eskolan.

Unibertsitateek eta giza eskubideekin lotutako esparruetan lan egiten duten erakunde sozialek ezagutza sortzen dute, eta informazio horri ikusgarritasuna ematea da ekimenaren helburu nagusietako bat. Horretarako, lau gai hauen inguruko ikerketa proiektuak aurkeztuko dituzte lehenengo egunean: indarkeriaren eta terrorismoaren biktimak, memoria eta historia, genero ikuspegia gatazkan eta komunikabideak. Hainbat ekimenek parte hartuko dute jardunaldian, besteak beste, hauek: Bakeaz Blai; Bakeolak bultzatutako Programa Pedagogikoa Biktima Hezitzaileekin; Gernikako Bakearen Museoko MemoriaLab; eta giza eskubideen aldeko Argituz elkartea.

Egun horretan jasotako ezagutzetatik abiatuta, abenduaren 12an elkarrizketa espazio bat sortuko dute Open Space metodologia erabiliz. Parte-hartzaileek taldeka landuko dituzte bakea eraikitzeko garrantzitsuenak iruditzen zaizkien alderdiak, ekintza-proposamen zehatzak lortzeko. Edonork parte har dezake topaketan, baina izena eman behar da abenduaren 12ko jardunaldirako.

Donostia 2016 Fundazioak, UPV/EHUk eta Gune Irekiak ekimenak elkarrekin bultzatutako Ehunberri ikerketaren barruan kokatzen da Diálogo de Saberes topaketa. Ikerketa horren helburua da bizikidetzako eta etorkizuneko ideia berriak aztertzea, topaguneak sortuz  Euskadin bakearen kulturaren arloan diharduten eragileen artean.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke