Demola Basque Country ekimenaren 2. edizioak unibertsitateko ikasleen potentzial berritzailea erakutsi du

2015ko Uztaila 14,

spri_innovacion_Demola2edicion
Demola.

Azken graduko ikasleekin eta titulatu berriekin osatutako zortzi taldek parte hartu dute Demola ekimenaren bigarren edizioan. Nazioarteko proiektu horren helburua da berrikuntza irekiko ekosistema bat sortzea, unibertsitateen eta ikasleen arteko lankidetzaren bidez.

Demola ekimenaren metodologiak abiapuntutzat hartzen ditu enpresek edo antolakunde parte-hartzaileek proposatutako erronkak. Hortik abiatuta, ikasleen diziplina anitzeko lantaldeak sortzen dira eta 4 hilabete  ematen zaizkie konpainien beharrizanei erantzungo dien prototipo bat diseinatzeko, aditu eta irakasleen laguntzarekin. Euskadi nazioarteko Demola sareko kide da SIP-Social Innovation Park zentroak Deustuko Unibertsitatearen lankidetzarekin bultzatutako gune baten bidez. Joan den uztailaren 10ean, proiektuko bigarren edizioko parte-hartzaileek beren konponbide berritzaileak aurkeztu zituzten enpresen aurrean.

Kaiku konpainiak, esaterako, Interneten duen presentzia hobetzeko erronka jo zuen. Lanean emandako hilabeteetan, ikasle-taldeak Kaikuren marka eta posizionamendua ebaluatu zituen, ondoren kontsumitzaileen eta balizko bezeroen iritziak aztertu zituen eta informazio horrekin onlineko plataforma-prototipo bat sortu zuen enpresak bere esnekiak eskain ditzan. Inbisa enpresa eraikitzaileak, bestalde, etxebizitzetako zarata gutxitzeko formula bat eskatu zuen, eta ikasleek eraikinetako kutsadura akustikoa ebaluatzen duen  tresna berritzaile bat diseinatu zuten.

Bigarren edizio honetan hainbat enpresa industrialek parte hartu dute, hala nola hauek: ABB, Productores Tubulares eta Navacel, eta horiekin batera baita ere Loiola Gestión Inmobiliaria-k eta Gurutzetako Ospitaleak (OSI Ezkerraldea Enkarterri eta ISS BioCruces zentroen bitartez). Prototipoak aurkeztu ondoren, erakundeek erabaki behar dute ikasleei lizentziak erosi ala ez, konponbide horiek garatzen jarraitzeko.

Demola ekimena Finlandian sortu zen 2008an eta harrezkero nazioarteko beste 8 eskualdetara hedatu da. Euskadin iaz egin zen lehen edizioa bost proiekturekin, eta horietatik lau baliozkotu eta erosi zituzten enpresek. Demola Basque Country ekimeneko lantaldea hasia da hirugarren edizioa antolatzen eta erronkak definitzen, eta irailean irekiko da ikasleek izena emateko epea. Ekimena zabalik dago edozein euskal unibertsitatetako gradu, master eta gradu-ondoko azken ikasturteetako ikasleentzat eta azken 12 hilabeteetan titulatu diren graduatu berrientzat.

Demola



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke