Creative Commons lizentziapeko 1.000 milioitik gora eduki daude sarean

2015ko Abendua 15,

State of the Commons 2015 txostenak erakusten du Creative Commons lizentzien aurrerapena geldiezina dela

Creative Commons lizentziapean argitaratutako 1.000 milioitik gora eduki daude Interneten. Kopuru horren barruan sartzen dira irudiak, testu eta bideoak, eta baita ere ikerketako artikuluak, datu-baseak, hezkuntzako baliabideak eta beste hainbat formatu. State of the Commons 2015 azterlanak dio CC lizentziak Sarean partekatzeko estandar bihurtu direla, kopurua hirukoiztu egin delarik azken 5 urteotan.

Creative Commons Fundazioak eginiko txosten horrek lizentzia horien pean dauden edukiei buruzko datuak bildu ditu, baina, horrezaz gain, tresna bikaina da esparru garrantzitsuetan (hala nola, hezkuntzan, gobernuetan, enpresetan, kultura sektorean, e.a) ematen ari den irekieraranzko mugimendu hazkorra neurtzeko.

Azterlanak atera duen ondorio garrantzitsuenetako bat da horrelako lizentzien aurrerapenak kultura librea sustatzen duela eta aukera ematen duela helburu komertzialekin berrerabiltzeko. Eduki guztien %64k hautatu dituzte horrelako lizentziak, eta gainerako %36ak hain irekiak ez diren beste lizentzia batzuk baliatzen dituzte. Txostenak baita ere erakusten du administrazio publikoak aldatzen eta politika irekiagoak aplikatzen ari direla. Izan ere, gero eta gobernu gehiagok CC lizentziapean argitaratzen dute beren esku duten informazioa, eta horri esker, eduki horiek berrerabilgarri bihurtzen dira hiritarrentzat, enpresentzat nahiz beste administrazio batzuentzat.

State of the Commons txostenak #GoOpen proiektua jartzen du adibidetzat, aurtengo urrian Estatu Batuetako Hezkuntza Sailak bultzatutako ekimena. Kanpaina horrek hezkuntzako material irekien erabilera sustatzen du ikastetxeetan, eta lizentzia irekipean eskainiko ditu gobernuko funtsekin sortuko diren hezkuntza-eduki guztiak.

Bada azpimarratzekoa den beste joera handi bat, hezkuntza irekiranzko mugimendua, alegia. Mugimendu horren bidez, ezagutzarako sarbide zabalagoa eskainiko da eta hezkuntzako gastua murriztuko da. Ikasleek, familiek nahiz diru-kutxa publikoek dagoeneko 174 milioi dolar aurreztu dituzte, testu-liburu irekiak erabiliz. Kulturari dagokionez, gero eta gehiago dira beren bildumak digitalizatzeko lizentzia irekiak erabiltzen dituzten fundazioak, museoak eta zentroak, zeintzuei esker, aipatu eduki horiek edonoren esku jartzen baitira eta berrerabili egin baitaitezke.

Creative Commons Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da, 2001ean sortua, eta gaur egun presentzia du 85 herrialde baino gehiagotan. Bere helburua da bultzada bat ematea ezagutza, sormen, berrikuntza eta kultura eskuratzeko eta horietan parte hartzeko bideei, lizentzia irekiak erabiliz.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke