CIC bioGUNEk esperimentalki frogatu du azukreen formazioa ulertzen lagunduko duen giltzarrizko episodio kimiko bat

2015ko Azaroa 25,

SPRI_Innovación_CICbioGUNE
Jesús Jiménez Barbero, CIC bioGUNEko zuzendari zientifikoa eta ikerketaren burua

Azukreen formazioko eta hausturako erreakzio kimikoetan, bizitza labur-laburreko gertaera batzuk ematen dira, tartekariak izenekoak. Horien existentzia ezaguna zen teoria mailan, baina inork ez du era enpirikoan egiaztatzerik izan orain arte.

CIC bioGUNE Biozientzietako Ikerketa Kooperatiboko Zentroak koordinatutako ikerketa-proiektu bati esker, era enpirikoan behatu ahal izan da lehendabiziko aldiz, substantzia horien formazioko eta hausturako erreakzio kimikoetan gertatzen diren tarteko pausoetako bat.

“Erreakzio kimiko guztietan gertatzen diren pauso horietan, bizitza labur-laburreko espezie kimikoak sortzen dira, tartekariak izenekoak, oso-oso nekez hauteman daitezkeenak. Zailtasun guztien gainetik, baditugu horien existentzia ondorioztatzen dituzten ezaguera teorikoak, baina frogaketa esperimentala dugu zientziaren aurrerapenaren gakoa”, adierazi du ikerketa lideratu duen Jesús Jiménez Barbero CIC bioGUNEko zuzendari zientifikoak.

Adituak ziurtatu duenez, glikosil-oxokarbenio ioia deritzon tartekari hori teorikoki azalduta zegoen, baina orain arte ezin izan da era esperimentalean detektatu.

“Gure lanak enpirikoki behatu eta horren forma geometrikoa zehaztea ahalbidetu du”, esan du.

Azukreak edo karbohidratoak funtsezkoak dira bizitzarentzat, Xurgapen azkarreko energia-iturria izateaz gain, zelularen gainazala estali eta informazio-hartzaile eta igorlearena egiten dute organismoarentzat onura handikoak diren prozesuetan, baita gaixotasun infekziosoak, inflamatorioak eta minbizia eragiten dituzten zelula eta patogenoen arteko elkarrekintza bezalako prozesu kaltegarrietan ere. Hori dela eta, azukreen egitura sakon ezagutzeak osasunaren zientzia aurrera bultzatzen eta gaixotasunen aurkako terapia berriak garatzen laguntzen du.

Nature Chemistry aldizkari ospetsuan argitaratu den ikerketa honetan, Poitiers-eko Unibertsitateko (Frantzia) Yves Bleriot eta Sébastien Thibaudeau irakasleak buru dituen talde zientifiko batek parte hartu du.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke