CIC bioGUNE exosomak ikertzeko bikaintasun zientifikoko sare batean parte hartzen ari da

2016ko Martxoa 02,

SPRI_innovación_CIC-bioGUNE
Interakzio zientifikoa eta profesionalen mugikortasuna sustatzea da REDiEX sarearen helburua

CIC bioGUNE biozientzien arloko ikerketa kooperatiborako euskal zentroak eta exosomak deritzen besikula zelularren ikerketan espezializatuta dauden Espainiako bederatzi erakundek REDiEX izeneko bikaintasunezko ikerketa-sarea sortu dute.

Exosomen ikerketaren bitartez, medikuntza pertsonalizatuaren garapena bultzatzea da Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatutako ekimen honen helburua. Besikula zelular horiek organismoko zelulen arteko informazio-trukearekin nola edo hala lota dauden gorputzeko ia edozein fluidotan aurki daitezke.

Gainera, exosomak hainbat prozesu fisiologiko eta patologikoren erregulazioan parte hartu eta zenbait gaixotasunen biomarkatzaileen eroale selektiboak dira.

REDiEX sareak interakzio zientifikoa sustatzea du helburu, laborategien arteko profesionalen mugikortasuna eta baliabideen optimizazioa eta erakarpena erraztuz, besikula horien ikerketa gauzatu ahal izateko.

Sare berriak biomarkatzaile ez-inbasiboen eta minbizia eta infekzio parasitarioak bezalako gaixotasunetarako kontrol-estrategia alternatiboen identifikazioa eta garapena azkartuko du.

Gaur egun, pankreako minbiziaren lehen biomarkatzailea identikatu ahal izan da exosomei esker, eta tumoreei atxikitako exosomak metastasiekin estu-estu lotuta daudela eta, ondorioz, prozesu hau pairatuko duten ehunen pronostikoa egiteko erabil daitezkeela egiaztatu da.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke