Bulego eta fitxajerik gabe lanean

2015ko Ekaina 30,

spri_innovacion_jornadainnobideak
Ihardunaldiaren momentu bat.

SPRI Taldeak langileen enpresa-kudeaketako parte hartzeari buruz antolatu duen  jardunaldi batean ikusi da konpainia batzuek erabateko aldaketak egin dituztela. Ingemat ingeniaritzak duela zazpi urte aldatu zuen bere eredua. “Denok dakigu  noiz egiten diren bilerak eta zertarako. Inor ez da gelditzen bulegoan nagusiak ikus dezan”. Oscar Valdivieso aholkulariak dio onurak kuantifikagarriak direla: “Langileen parte-hartzea sustatzen duten enpresetan kontratazioa %25 hazi da, salmentak %2 eta soldatak %5”.

“Bulegoak kendu ditugu eta bilera gela bihurtu. Fitxatzeko ordularia ere kendu dugu. Inor ez da gelditzen bulegoan nagusiak ikus dezan”, esan du grafikoki Jorge Darpont, Ingemat enpresako zuzendari korporatiboak. Ingeniaritza hori Bizkaiko Teknologia eta Zientzia Parkean dago kokatuta eta automozio sektoreko multinazional guztientzat egiten du lan. Darpont-ek bere enpresaren eraldaketa azaldu du eta baita ere nola langileek parte hartzen duten lanaldiaren kudeaketan. Argitasun horiek eman ditu SPRI Taldeak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak, “Pertsonak enpresentzat eta enpresak pertsonentzat” izenburupean antolatutako jardunaldian.

Jardunaldia egin da behin abian denean Eusko Jaurlaritzaren Innobideak Pertsonak programa, zeinaren helburua baita langileek enpresen antolakuntzan parte har dezatela.

Ingemat enpresako zuzendaritza-kargu horrek esan duenez, bere enpresan (80 langile eta salmentak 20 herrialdetan)  “40 lagun baino gehiago daude egunero etxetik kanpo lo egiten dutenak, eta, beraz, jendearen konpromisorik gabe ez dago horrelako enpresa bat zuzentzerik”. Esan duenez, duela zortzi urte goitik behera aldatu zuten antolakuntza. “Finantza zuzendaria izan ezik, beste guztiok postuz aldatu ginen, eta taldekako kudeaketa aplikatu genuen”. Zuzendaritza taldeko kide bat egoten zen bilera bakoitzean, eta enpresan egiten zen guztia langile guztiei jakinarazten zitzaien. “Lau soldata-maila eta ordainsari aldagarri bat finkatu genituen”.

Darponten esanetan, Euskadin ezinezkoa da kostuetan lehiatzea, eta, beraz, antolakundeetako talentua aprobetxatu beste biderik ez dago. “Eta enpresaren egia kontatu behar da, gustagarria dena eta ez dena. Ingemat-en mundu guztiak daki bilerak noiz eta zertarako egiten diren, eta aktak publikoak dira: mundu guztiak irakur ditzake. Badira zortzi urte tailer-bururik gabeko tailerra daukagula. Inor ez da gelditzen bulegoan nagusiak ikus dezan. Jendearekin esertzen gara garapen profesionala ikusteko, baina notarik jarri gabe, azterketarik egin gabe”.

Onartu du, halaber, 2008an eta 2009an eginiko aldaketen ostean hainbat egokitzapen egin behar izan dituztela. “Proiektu-buruen ideia berreskuratu dugu, ez dago irabazien banaketa indiskriminaturik eta postu bakoitzaren erantzukizunak definitu ditugu, gehiegizko askatasunak langileen artean deserosotasuna sortu baitzuen”. Darpontek argitu du, halere, parte-hartze eredu guztiak ez direla erabat estrapolagarriak. “Ez dago errezeta bat egokia denentzat. Eta argi utzi behar da hau guztia ez dugula egiten enpresa barruan giro hobea izateko, diru gehiago irabazteko baizik”.

Jardunaldian B+I enpresako Oscar Valdivielso aholkulariak eredutzat jarri zuen Miguel Lazpiur enpresari gipuzkoarra, izan ere, berriki editatu duen “Lazpiur, el modelo de una pyme ejemplar” liburuan zioen bere aitak enpresarako norbait fitxatzen zuen bakoitzean lanpostuz igotzen zuela: langile soil izatetik pertsona izatera. Horixe gogorarazi dit jardunaldi honen izenburuak ”.

Valdivielsok esan du enpresen kudeaketan parte hartzearen alde jokatzea “ez dela bide erraza. Japoniarrek diote enpresa bat aldatzeko 10-20 urte behar direla. Prozesu konplexuak dira, ibilbide luzeak”. Baina, bestalde, esan du badirela baita ere irabazi kuantifikagarriak: deslokalizazioak saihesten dira, enpresen jarraipena bermatzen da, lehiakortasun handiagoa lortzen da, talentua tokian bertan mantentzen da eta lan-giro hobea sortzen da. “Langileen parte-hartzea sustatzen duten enpresetan kontratazioa %25 hazi da, salmentak %2 eta soldatak %5”.

Baita ere esan du pertsonak baloratzeak ez duela esan nahi enpresa bat kooperatiba bihurtu behar denik. “Edozein enpresak izan dezake eredu parte-hartzaile bat, baina gauzak argi edukita. Bidaia zaila da, bidean oztopo eta erratu asko egoten dira, eta ziur egon behar da amaierara iritsi nahi dela. Bestalde, beharrezkoa da konfiantza eta errespetua pertsona guztiekin, gardentasuna eta egiazkotasun informatiboa, eta, hori bezain garrantzitsua, parte-hartze eredu bat propioa eta bakarra. Ez da modagatik sartu behar kontu honetan”.

Bere bezero baten adibidea jarri du, duela zortzi urte eredua aldatzea erabaki zuen aholkularitza bat. “Lehen 8 langile zituen eta orain aldiz 30. Aldaketaren giltza izan zen erabaki zutela hurbileko proiektuak onartzea, kontziliazioa errazteko.   Zortzi urteko ibilbidea egin dute enpresa lehiakor eta kaudimendun gisa, eta argi daukate pertsonen parte-hartzea funtsezkoa dela”.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke