Bloglari gazteak behar dira “Jaialdi”, Idahoko euskal kulturaren festa erretransmititzeko

2015ko Maiatza 12,

spri_innovacion_goazenboisera
“Jaialdi” festaren weba.

“Goazen Boisera”  komunikaziorako gaitasunak dituzten gazteentzako lehiaketa bat da. Irabazleek aukera dute uda honetan Boisera (Idaho) bidaiatzeko eta bertako “Jaialdi” festa ezagutzeko. Hautatutako bi bloglari gazteek testuak, irudiak eta bideoak baliatuko dituzte 6 egunez euskal diasporako kultur topaketa garrantzitsuenetako baten berri emateko. “Jaialdi” AEBetan egiten da 5 urterik behin.

Jaialdi 1987tik egiten da Idahoko hiriburuan. Musikaz, dantzaz, kirolez eta kultur ekitaldiz betetako aste hau euskal diasporak mundu osoan antolatzen duen festa garrantzitsuenetako bat bihurtu da. Topaketa hori ezagutzera emateko eta euskal gazteen eta euskal arbasoak dituzten amerikar belaunaldi berrien artean loturak sortzeko, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol zuzendaritzak Goazen Boisera lehiaketa jarri du martxan.

18 eta 29 urte bitarteko bi pertsona behar dira, prest daudenak uztailaren 28tik abuztuaren 3ra Boisera bidaiatzeko eta egun horietan han gertatuko dena erretransmititzeko. Aukeratutako bloglariek kronikak idatzi beharko dituzte Gazteaukera blogean eta argazkiak atera eta bideoak egingo dituzte, bertatik bertara kontatzeko jaialdiko bertso eta dantza saioak, herri-kirolak eta kontzertuak. Sare sozialen bitartez ere eman beharko dute festaren berri eta “Jaialdi”n elkartuko diren bisitarien eta euskal etxeetako ordezkarien ikuspegi desberdinak jasoko dituzte.

Lehiaketa hau gazteentzako GazteBizHitza aholkularitza zerbitzuaren bitartez abiarazi da. Parte hartu nahi dutenek testu bat –kronika, erreportajea edo fikzioa- edo bideo bat bidali beharko dute euskaraz zein gaztelaniaz dituzten komunikazio gaitasunak erakusteko eta atariko  izen-emate fitxa bete beharko dute. Jaialdira bidaiatuko duten bloglariak aukeratzeko, epaimahaiak batez ere baloratuko du edukien orijinaltasuna eta kalitatea eta bi hizkuntzak menperatzea.

Gazte BizHitza plataforma apirilaren hasieran aurkeztu zen. Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak bultzatzen du gazteei gehien interesatzen zaizkien gaiei buruzko aholkularitza eta babesa emateko. Zerbitzuak hainbat tresna eskaintzen dizkie, besteak beste lana bilatzeko, Euskadin edo atzerrian ikasten jarraitzeko, lehen etxebizitza eskuratzeko, e.a. Horrez gain, zuzeneko komunikazio kanalak ireki ditu gazteen zalantza guztiak argitzeko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke