Biomagunek erabilera biomedikorako zelulak biltzeko sistema eraginkorra diseinatu du

2016ko Martxoa 14,

SPRI_innovación_CIC-Biomagune
Zelulen hazkuntza industrian nahiz ikerketan erabiltzen da

Biomaterialetan espezializatutako CIC biomaGUNE euskal ikerketa-zentroak gauzatutako proiektu zientifiko bati esker, laborategian hazitako zelulak eraginkortasunez biltzeko sistema bat garatu da, argi infragorriaren eta nanopartikula plasmonikoen erabileran oinarrituta.

Bizitzaren oinarrizko unitatea eraginkortasunez ekoiztea da metodo honen helburua, zelulak medikuntza birsortzailean eta ehun-ingeniaritzan erabil ahal daitezen.

Garapenak argi infragorriaren erabilera du oinarri. Nanopartikula plasmonikoekiko elkarreraginean, argi infragorriak behar adina energia sortzen du zelulak hazkuntza-azaletik desitsasteko, kalterik eragin gabe eta bilketa-prozesuan % 100 inguruko biziraupena lortuz.

Lan hau Juan José Giner-Casares, Malou Henriksen-Lacey eta Isabel García ikertzaileek egin dute, Biomaguneko zuzendari zientifiko Luis Liz-Marzán-en gidaritzapean.

Zelulen hazkuntza deritzon teknika hau industrian nahiz birologia, bioteknologia, inmunologia, farmakologia eta ehun artifizialen ekoizpena bezalako ikerketa-esparruetan erabiltzen.

“Arazorik handiena zelula eta ehun horiek biltzean gertatzen da, izaki biologiko horietako asko bideratu eta erabili ezinik geratzen baitira, desitsasteko prozesu arras erasokorren ondorioz”, adierazi du Juan José Giner-Casares ikertzaileak.

Adituaren hitzetan, ikerketa hau “garrantzitsua da edozein hazkuntzatako zelulen bideragarritasuna hobetzeko”, bereziki balio handiko zelulen industriari dagokionez.

“Ehunen hazkuntza pertsonengan inplantatzeko egiten baldin bada, zelulen osotasuna funtsezkoa da”, argudiatu du adituak.

Ikerketa Alemaniako Angewandte Chemie International Edition aldizkari zientifiko ospetsuak argitaratu du.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke