ES | EU


2016ko Urtarrila 21


Ideiak Martxan gazteei zuzendutako lehiaketa bat da, eta helburutzat du hiriko kulturarekin, sormenarekin eta berrikuntza sozialarekin lotutako proiektuen garapena sustatzea. Bilboko Udalak bultzatzen du deialdia Gazteria eta Kirol Sailaren bitartez, eta proposamenak bidaltzeko epea zabalik dago otsailaren 15era arte.

Lehiaketa Bilboko bizitza sozial eta kulturalean inplikatu nahi duten 18-35 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie. Lehiaketara proiektu hiritarrak  aurkeztu behar dira, dela kultura eta artearen arlokoak,  diseinukoak, hirigintzakoak, dela IKTen, zientziaren, kirolaren nahiz berrikuntza sozialaren esparrukoak. Parte hartzeko nahikoa da Bilbon erroldatuta egotea eta inongo enpresa edo elkartetako kide ez izatea.

Ideiak Martxan lehiaketak 31.000 euro banatuko ditu guztira ekimen onenen artean: bakoitzak 900 eta 4.000 euro bitarteko laguntza jasoko du bere proiektua martxan jarri ahal izateko. Era berean, lehiaketak babesa emango die gazteei, kultur ekimen propioak garatzeko esperientzia bizi dezaten eta prozesu horretatik ikasteko aukera izan dezaten.

Ideiak Martxan ekimenaren 2015eko edizioan esparru desberdinetako zortzi proiektu saritu zituzten, eta proiektu horiek gai hauen ingurukoak izan ziren: musika independentea eta sorkuntza artistikoa, Bilboko mapa alternatiboak egitea, bizikletaren erabilpena sustatzea, e.a. Hona hemen, irabazleetako batzuk: USE-IT Bilbao, gazteen ekarpenekin sortutako mapa turistikoa; Bilbao Fonografikoa, soinuen bitartez hiriaren aberastasun sozial eta kulturala jasotzen duen proiektua; IturFest mikro-jaialdi artistikoa, eta Subir 100 Escaleras joko parte-hartzailea, non hiria berriro deskubritzen baita espazio publikoan kokatutako eskaileren bitartez.