ES | EU


2016ko Martxoa 16


Ekainean egingo da OSCE Days ekitaldi globala, ekonomia zirkularrarekin lotutako ideiak bultzatzeko. Ekimen horrek helburutzat du konponbide sostengarri berriak sortzea lankidetza globalaren bidez. 30etik gora hirik antolatuko dituzte topaketa horiek eta Bilbo izango da horietako bat.

OSCE Days (Open Source Circular Economy) ekimenaren xedea da adituak, zaleak eta berritzaileak biltzea, komunitate osoarentzako prototipoak elkarrekin diseinatu eta partekatzeko. Asmoa da erantzuna ematea hainbat erronkari: janaria, hondakinen kudeaketa, mugikortasuna, hezkuntza edo energia, besteak beste. Horretarako, ekonomia zirkularrarekin lotutako produkzio-ereduetan oinarrituko dira.

Eredu horrek erreferentzia egiten die hondakinak produkzio zikloan berriro hartzen dituzten sistemei. Hau da, sistema horiek hondakinak berreskuratzen dituzte baliabide erabilgarri gisa, zaborrontzian bukatu ez dezaten. Kontzeptua naturaren sistema ziklikoetan oinarritzen da, non ez baitago hondakinik. Hala, asmoa da lan egiteko modu hori aplikatzea edozein esparrutako produkzio prozesuetan, planetarekin guztiz sostengarria izango den etorkizuna lortzeko. OSCE Days topaketen xedea da kode irekiaren ikuspegia integratzea, komunitateak aukera izan dezan ekonomia zirkularrarekin lotutako diseinu eta konponbideak aprobetxatu eta hobetzeko.

Jardunaldiak aldi berean egingo dira hogeita hamar hiri baino gehiagotan, ekainaren 9tik 13ra, eta Bilbok ere bat egin du proposamenarekin. Topaketek ikuspegi praktikoa izango dute erronkak gainditzeko, eta proiektuak, ideiak eta diseinuak online partekatuko dira, gero beste batzuek garatu ditzaten. Iaz egin zen ekitaldi global honen lehen edizioa, non 33 hirik parte hartu baitzuten, eta emaitzak ekimenaren plataforman daude jasota.