ES | EU


2016ko Martxoa 10


Eibarko Urbitxa kalean bada giltzak fabrikatzeko tailer zahar bat, herriko eraikin industrial asko bezala, urte askotan hutsik egon dena. Joan den azaroan, zazpi ekintzailez osatutako talde batek Biharrian ekimena jarri zuen martxan espazio horretan. Proiektu pilotu bat da, eta helburutzat dauka herriko ondare industriala suspertzea kultur arloko berrikuntzaren bitartez.

Biharrian enpresa haztegi txiki bat da orain, eta hiru proiektu kokatu dira bertan: GAC arkitekto bulegoa, diseinu grafikoko Anemona Studioa, eta Aitor Zubizarreta aholkularia. Horiez gain, bertan kokatu da baita ere hiriaren ikerketarako Hirikiten elkartea. Asmoa da, bestalde, espazioa kultur arloko berrikuntza zentro bihurtzea, eta irekita egongo da auzotarrentzat. Horregatik, egoitza artistikoak hartzen hasi da, auzotarrei zuzendutako jarduerekin.

Azken ekintza izan da tailer zaharraren parean kokatutako plaza txiki bat berreskuratzea, prozesu parte-hartzaile baten bitartez. Pez Estudio arkitekto taldeak koordinatu du proiektua, eta hainbat tailer egin dituzte inguruko bizilagunekin beren premiak detektatzeko, hiri-altzariak diseinatzeko eta kolektiboki eraikitzeko. Hona hemen emaitza: eszenatoki txiki bat, harmailak, banku bat eta lorontzi batzuk.

Espazio berria martxoaren 13an inauguratuko da, hiritarrentzat irekia izango den festa batean, eta Biharrian zentroan ostatatutako beste egoitza artistiko bat ere aurkeztuko dute bertan: Sopa de Sapo haurrentzako liburu-denda. Establezimendua aldi-baterako egongo da espazio horretan, hau da, pop-up instalazio bat izango du funtzionatzen duen ala ez probatzeko, eta, datorren igandean, ipuin kontalariak eta haurrentzako jarduerak antolatuko dira.

Urtea hasi denetik Biharrian zentroak beste bi kultur jarduera ere ostatatu ditu: Atakontu, oihalak estanpatzen dituzten artisten ekimena, eta Ana Orozko diseinatzailea, zeinak Eibarren historiari buruzko ipuin bat egin baitzuen material grafiko industriala erabiliz.

Biharrian proiektu pilotu bat da, Berreibar ikerketa prozesuaren emaitza gisa sortu dena. Donostiako Goi-mailako Arkitektura Eskolako irakasle eta ikasleek osatutako M-etxea taldeak azterlan bat egin zuen lau urtez Eibarko ondare industriala mapeatzeko, eta, ikuspegi urbanistikotik, kulturaletik nahiz sozialetik, ondare horri eman zekizkion erabilpen berriak aztertzeko. Biharrian ekimenak Eusko Jaurlaritzaren laguntza dauka Fábricas de Creación programaren bitartez, eta baita Eibarko Udalarena ere.