Berrikuntza sozialeko joerak eta praktikak CreActiva Sarearen II. Foroan

2015ko Iraila 17,

spri_innovacion_2ForoInnovacionSocial
Fororen kartela.

Valentzian antolatuko da Berrikuntza Sozialerako Nazioarteko II. Foroa irailaren 21ean eta 22an. CreActiva Sareak antolatzen du eta aztergai izango dute norantz doan berrikuntza soziala, dagoeneko martxan dauden proiektuen bitartez.  Ekitaldi hori berrikuntza sozialarekin zerikusia duten eragile publiko, pribatu eta hiritar guztiei zuzendurik dago, eta gai desberdinei buruzko mini-hitzaldien inguruan egituratu da: gazteria, etxebizitza, langabezia, hiritarren parte-hartzea, ekonomia, osasuna, hezkuntza eta politika.

Gazteriaren arloan Frog metodologia aurkeztuko dute. Norvegian sortutako metodologia bat da, duela gutxi Espainiara ekarri dena. Metodo horrek gazteen birgizarteratzea bilatzen du beren konfiantza eta duintasuna landuz. Neuro-fisiologia, kontzientzia emozionala, coaching-a eta lidergo ko-aktiboa uztartzen dituzte horretarako. Langabeziari dagokionez, bertaratuek Lanzaderas de empleo proiektua ezagutu ahal izango dute. Sare horrek 140 zentro ditu Estatuan barrena, eta laneratzea sustatzen du elkarrekiko lankidetzaren bidez.

Berrikuntza sozialari eta etxebizitzari buruzko atalean, Gonzalo Navarrete arkitektoak Cloud Housing ekimena aurkeztuko du, pertsonen premiak higiezinen sektorera helarazteko etxebizitza kontzeptua. Proposamen horren helburua da espazio eta zerbitzu komunak dituzten etxebizitza-eraikinak sortzea, erabileragatiko ordainketa eredu pean. Bestalde, gai politikoetan hiritarren parte hartzea sustatzen duten proiektuen artean, Thai Jungpaich Arias ingeniaria eta aktibista Polétika plataformaz mintzatuko da. Polétika zaintza politikorako web interaktibo bat da. Espazio horretan ordezkari politikoen konpromisoak, adierazpenak eta programak jasotzen dituzte beren ekintzekin alderatzeko, eta hala gardentasun demokratiko handiagoa lortzeko.

Foroan zehar bestelako ekimenak ere emango dira ezagutzera, esaterako, Creas Fundazioa, gizartearentzat eta ingurumenarentzat balioa duten proiektuetan inbertitzeko arrisku kapitaleko funtsa. Edo baita ere berrikuntza sozialetik abiatuta zahartze aktiborako konponbideak bilatzen dituen SIforAge ikerketa europarra, zeinetan parte hartzen baitu Basque Culinary Center-ek .

CreActiva sarea berrikuntza sozialaren arloko ezagutzak eta praktikak partekatzeko topagune bat da. Jovesolides erakundeak bultzatzen du eta bazkidetzat ditu, besteak beste, Iwith.org, Esplai Fundazioa, GVA Generalitat Jove eta Sinnergiak, UPV/EHUk sustatutako berrikuntza sozialeko zentroa.

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke