Berrikuntza irekia ezgaitasuna duten pertsonen familien bizi-kalitatea hobetzeko

2015ko Iraila 23,

spri_innovacion_GorabideCalidadFamilias
Gorabide elkarteak bere 53. urteurrena ospatu du aurten.

Gorabide elkarteak, Deustuko Unibertsitateak eta UPV/EHUk arreta programa bat garatu dute adimen ezgaitasuna duten pertsonen familien bizi-kalitatea hobetzeko, metodologia parte-hartzaile berri bat erabiliz. Esku-hartze plan hau urtebetez jarri da martxan programa pilotu bezala 14 familiarekin, eta parte-hartzaileen zein profesionalen balorazioa positiboa izan da.

Metodologiak oinarritzat hartzen du ikerketaz eta ekintza parte-hartzailez osatutako prozesu bat, eta metodologia horren bidez topaketak egiten dira familiako kide guztiekin eta profesionalekin, premiak detektatzeko eta bizi-kalitatea hobetzen duten ekintzak proposatzeko. Mirko Gerolin, Gorabideko zuzendari teknikoak azaldu duenez, “zenbait familiak laguntza behar izaten dute arazoei edo egoera zehatzei aurre egiteko”, “diziplina anitzeko lantalde bat sortu genuen programa lantzeko: psikologoak, gizarte langileak, Unibertsitateak eta familiak”.

Psikologiako doktore eta Deustuko Unibertsitateko irakasle Natxo Martínezek esan duenez, “programa sinplea da, baina oso egokia, familiak elkartzen dituelako eta espazio bat sortzen duelako nola dauden eta zein aldaketa egin nahi dituzten adierazteko”. Topaketa horietan, kide bakoitzak bere kezkak eta premiak azaltzen dizkie gainerakoei, baita ezgaitasuna duenari ere, zer hobetu eta nola hobetu dezaketen identifikatzeko. Profesional baten laguntzaz hobekuntza proposamenak barne hartzen dituen lan-plan bat egiten dute, eta prozesuan zehar denen artean ebaluatzen dute. “Funtsean akordioak lortzen dira denen aniztasuna kontuan hartuta, laguntzak identifikatzen dira eta, horretan oinarriturik, zer aldatu nahi duten aztertzen da” dio Natxo Martínezek.

“Berrikuntza irekia, ko-sorkuntza eta parte-hartzea erabili ditugu; horiek dira gure antolakundeko balore transbertsalak eta  programan praktikan jarri ditugunak” azaldu du Mirko Gerolin-ek. Metodologia irailaren 16an aurkeztu zen, Gorabideren urteurrenean, eta ikusirik pilotuan parte hartu duten familien balorazio positiboak, erakundearen asmoa da “BBK Saioa Gorabide” programaren barruan eskaintzen dituen laguntza zerbitzuen artean sartzea. Familiaren Bizi-kalitatea Hobetzeko Programak Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jaso du Bizkailab ekimenaren bitartez.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke