Berrikuntza irekia enpresetan, antolakuntza-mugak gaindituz

2015ko Uztaila 08,

spri_innovacion_InnovacionAbiertaInnobasque
(Español) Cartel de la jornada.

Datorren uztailaren 14an Innobasque-k berrikuntza irekiari buruzko topaketa bat antolatuko du Bilbon. Berrikuntza irekiaren bidez enpresek zabaldu egiten dituzte tradizionalki barnekoak izan diren prozesuak, lankidetza inguruneak sortzeko beste eragile batzuekin, hala nola kontsumitzaileekin, hornitzaileekin edo interes komunitateekin. Jardunaldi hori Innobasque-n Astearteak programaren barruan egingo da, non ezagutzera emango baitira berrikuntza irekiko metodologia eta kasu praktikoak, bai enpresa arlokoak eta baita ere software librearen, ikerketaren edo kulturaren esparruetakoak.

Topaketa horretan aurkeztuko dute, halaber, Orbea kooperatibak Conexiones Improbables proiektuan izandako esperientzia. Ekimen horrek prozesu sortzaileak bultzatzen ditu enpresa edo antolakundeen eta profil artistikoa duten profesionalen arteko lankidetzaren bitartez. Bizikleta fabrikatzaileak 2013an parte hartu zuen Conexiones Improbables programan, formula bat bilatu nahi zuelako bezeroen artean ezagutarazteko merkatura ateratzekoak ziren bizikleta gama berri bat. Hainbat saio egin zituzten ideiak diseinatu eta prototipatzeko ko-sorkuntza prozesuen diseinuan aditua den CoCreable kolektiboarekin, eta horrez gain, bezero, banatzaile nahiz fabrikako langileekin ere aritu ziren lanean erronkarentzat konponbide berritzaile bat bilatzeko.

Innobasque-k sustatutako jardunaldi honetan parte hartuko dute baita ere antolakuntzako berrikuntzan eta berrikuntza sozialean espezializatutako MIK-eko kideek (Kudeaketaren Ikerketa Zentroa, Mondragon Korporazioan eta Mondragon Unibertsitatean integratua dagoena). MIK-ek ikertzen dituen eremu batzuk dira enpresa irekia eta irekierarekin lotutako antolakundeen kudeaketa-, komunikazio- eta gobernantza-eredu berriak.

Xabier Barandiaranek Flok Society proiektua aurkeztuko du; Ekuadorretik bultzatutako ikerketa horrek gizarterako elementu produktibotzat hartzen du ezagutza irekia. ESLEk, berriz, software irekiaren ikuspegia azalduko du topaketan. Azkenik, Herrero & Asociados abokatu bulegoak orientazioa emango die bertaratuei berrikuntza irekiarekin lotutako alderdi legalei buruz, hala nola jabetza industriala edota intelektuala.

Topaketa profil desberdinetako profesionalei, enpresei, ETEei eta autonomoei zuzenduta dago, eta baita ere berrikuntza irekiko ereduen eta berrikuntza prozesuak bultzatzeko eragileen arteko elkarreragin-modu berrien munduan sartu nahi duen edonori.

Enpresa Irekia, Negozio Joera Berriak – MIK



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke