Barakaldoko Denbora Bankua eta Oiongo biztanleak Komanditario Berri bihurtu dira

2015ko Azaroa 05,

Manual de Uso, Euskadiko Komanditario Berriak ekimenaren baitan sortutako artelanetako bat.

Euskadiko Komanditario Berriak plataformaren helburua da arte-lanen sorkuntza bultzatzea gizartetik abiatuta, hiritarren kolektiboek beren premia edo nahiei erantzungo dieten arte-lanak susta ditzaten. Programa hori Frantzian sortu zen duela 20 urte, eta geroztik hainbat herrialdetara zabaldu da, baita ere Euskadira. Martxan jarri berri dute aurtengo edizioa, non Barakaldoko Denbora Bankua eta Oiongo Entretanto Entretente-Bitartean Jolasean hiritarren elkartea izango baitira komanditarioak.

Barakaldo Denbora Bankua duela 2 urte sortu zen, zerbitzuak eta jarduerak diru gabe trukatzeko pertsonen artean, balioan jarriz pertsonen gaitasun eta ezagutzak. Gaur egun 10 nazionalitatetako 60 lagun inguruk parte hartzen dute Denbora Bankuan, eta antolatzaileek Komanditario Berriak programan parte hartzea erabaki dute, beren proiektua zabaltzeko eta herritar gehiagorengana iristeko.

Oiongo hainbat elkartetako herritar talde batek ere parte hartuko du Euskadiko Komanditario Berriak ekimenaren aurtengo edizioan. 3.400 biztanle inguruko Arabako herri txiki horretako biztanleei ez zaie batere erraza egiten kultura desberdinetako pertsonekin bizitzea. Hala, artelan bat sortu nahi dute aurreiritziak baztertzeko eta jatorri desberdinetako pertsonen arteko harremanak bideratzeko.

Arantxa Mendiharatek, Euskadin proiektu hori sustatu duenak (Artehazia ekimenaren bitartez) azaldu duenez, “Komanditario Berriak ekimenaren bidez, edozein herritarrek artelan bat enkargatu dezake premia sozial bati erantzuteko”, “bitartekari batek laguntzen die beren ideiak jasotzen eta artista batekin harremanetan jartzen”. Prozesuan zehar, taldeak artearen edo sorkuntzaren mundutik datorren pertsona batekin elkartzen dira, eta “baldintza plegu” bat sortzen dute obra enkargatzeko. Hortik abiatuta, bitartekariak proiektua burutuko duen artista bilatuko du.

Euskadiko Komanditario Berriak 2011n jarri zen martxan, eta dagoeneko bi prozesu aktibatu dira. Lehenengoa Zorrozaurren egin zen, pertsona talde batek balioa eman nahi izan ziolako Bilboko auzo horretan ezkutuan zegoen ondare industrialari. Prozesuaren emaitza Andrea Acostaren Manual de Uso argitalpena izan zen, auzoko paisaien ilustrazioz eta argazkiz betetako liburua, hiriaren azkenaldiko historia ulertzen laguntzen diguna. Bigarrena Hernanin egin zuten eta herriko Berdintasun Batzordearekin lotutako pertsona talde bat izan zen komanditarioa. Kasu honetan, abiapuntutzat hartu zuten emakumezkoen izen oso gutxi dagoela Hernaniko kaleetan. Proposamen artistikoa Andrekalearen historia kontatzeko dokumental bat da, Sra. Polaroiska kolektibo artistikoak sortua.  Film hori Tabakaleraren laguntzarekin egin da eta datorren abenduan estreinatuko da.

Euskadiko Komanditario Berriak programak Eusko Jaurlaritzaren, Daniel & Nina Carasso Fundazioaren, Fondation de France eta Conexiones Improbables ekimenaren laguntza du.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke