Aukerability-k ezgaitasuna duten pertsonentzako enplegua bultzatuko du 554 lanpostu berrirekin

2015ko Abendua 23,

Gureak enpresako langileak, Aukerability ekimenaren irudia.

Aukerability proiektuaren helburu nagusia da Euskadiko pertsona ezgaituen enplegagarritasuna hobetzea, prestakuntza eta lanpostu berrien sorkuntza barne hartzen dituen programa baten bidez. Ekimenak 8 milioi euroko aurrekontua du eta hainbat erakundek sustatzen dute: EHLABE, Euskadiko Gizarte Ekimeneko Enplegu Bereziko Erakundeen Elkartea, Lantegi Batuak, Gureak, Usoa eta Katea Legaia.

EHLABEk azpimarratu du kolektibo horren enplegu tasa Europako altuenetakoa dela Euskadin, baina, hala ere, ezgaitasuna duten pertsonen %42,5ek bakarrik du lana, eta langabezia tasa %16,5ekoa da. Ondorioz, proiektuaren helburu nagusietako bat da 554 lanpostu berri sortzea (222 emakumeentzat izango dira). Hala, langabezia-tasa %14,65era jaitsiko litzateke eta 2.382 lagunen enplegagarritasuna hobetuko litzateke.

Horretarako, Aukerability ekimenak hainbat ekintza barne hartuko dituen programa bat abiaraziko du. Enplegu sorkuntzari dagokionez, ahalegin berezia egingo du sektore gorakor berrietan, esaterako energia berriztagarrienean, elikadurarenean edota osasun sektorean. Horrez gain, zerbitzuak hobetzen saiatuko da jadanik ongi errotuta dauden jarduera eremuetan. Halaber, proiektuak prestakuntza akreditatua eskainiko du, eta aintzat hartuko du metatutako esperientzia, enplegua errazago bilatzeko. Horrekin batera, lan inguruetako zahartze aktiboa sustatzen duten ekintzak bultzatuko ditu.

Ekimenaren finantzaketaren %50 Europako Gizarte Funtsetik dator, hain zuzen Euskadirako 2014-2020 Programa Operatibotik, eta, balioespenen arabera, urtean 7,5 milioi euro inguru itzuliko dira gizartera, lanpostu bakoitzaren inpaktua 13.500 eurokoa izango delarik.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke