Arantxa Tapia: “4.0 Industria errealitate bat da dagoeneko Euskadin eta Europako abangoardia lideratuko duen sare batean sartzera goaz”

2015ko Urria 14,

spri_tapia-en-basque-industry
Arantxa Tapia Sailburua, Basque Industry 4.0 inaugurazioan

Gaur goizean ospatu da Bilboko Euskalduna Jauregian Ekonomiaren Garapen Sailak SPRIren bitartez antolatutako “Basque Industry 4.0” jardunaldiaren bigarren edizioa, euskal industriaren meeting point-a izenburupean. Jardunaldi horren helburua da enpresen egokitzapena bultzatzea bat egin dezaten produkzio-prozesuetan EIKTak (Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak) integratzeko prozesu geldiezinarekin.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantxa Tapiak inauguratu du ekitaldia, eta esan du topaketa honek gero eta interes handiagoa pizten duela EAEko enpresen, unibertsitateen, teknologi zentroen eta berrikuntzako eragileen artean, milatik gora lagun bertaratu direlarik lehen edizioan bertaratutako 650en aldean. “4.0 Industria errealitate bat da dagoeneko Euskadin -esan du-, baditugu Eusko Jaurlaritzak babestutako 60 bat ekimen, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garatzen ari direnak”.

Euskal industria-sareak Laugarren Iraultza Industrialaren aurrean duen abiapuntua definitzean, Arantxa Tapiak esan du erronka handi bi ditugula: “Gure industriak beharrezkoa du aurrena BPGan daukan pisua mantentzea eta bere intentsitate teknologikoa handitzea, balio erantsi handiagoa duten eta Euskadirentzat indartsuagoak diren jardueretarantz eboluzionatuz”.

 

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak euskal industriaren diagnostikoa egin du bere hitzaldian eta hauxe esan du: euskal industriaren indar-guneak “produkzio fasean daude, eta hobekuntza tarte handiagoa dago aurreprodukzio eta postprodukzio faseetan”. Zentzu horretan hauxe azaldu du: “gure industria osagaien diseinu eta industrializazioan zentratu da, eta ustiatzea falta zaigu azken buruko produktu eta konponbideen diseinu eta garapenean dugun potentziala”.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuaren iritziz, industri arloko euskal enpresak hasiak dira lantzen premia handieneko sei hobekuntza arloak, hauek hain zuzen: “bikaintasuna zabaltzea fabrikazio metalmekanikotik harago, material berriak menderatzea, produktu propioa diseinatu eta garatzea, balio erantsi handiko zerbitzuak eskaintzea, EIKTak sartzea eta balio kalteak integratzea”.

Basque Industry 4.0-ren estrategiaren giltzarriak berrikusi ondoren, sialburuak esan du nazioarteko posizionamendu eta networkinga behar dugula: “Euskadiren 4.0 Industriaren posizionamenduari dagokionez, gure ondorioa da Nazioarteko Sare baten barruan egon behar dugula atzean ez geratzeko eta Europako abangoardia industrialaren lidergoan parte hartzeko”.

Arantxa Tapiaren ostean, Wolfgang Dorst-ek ireki du hitzaldien txanda “Industria 4.0: Utopia digitala ala Business Case?” izeneko hitzaldiarekin.

Dorst Alemaniako BITKOM patronal teknologikoko 4.0 Industria Departamentuko arduraduna da. Patronal horrek 700.000 langileko plantilla bateratua eta 1.400 enpresa bazkidetu ditu, eta indar handia du sektorearekin lotutako gai guztietan Alemaniako Gobernuarekin duen harremanagatik.

Dorst-ek gogora ekarri ditu azken hamarkadetan mundu mailako industrian gertatu diren lau konbergentzia zikloak: Lehenengo biak –IKTak, telekomunikazioekin eta elektronikarekin– duela 15 urte gertatu ziren, Internet abiadura bizian hazi zenean; hirugarrena da IKTena eta edukiena, orain edukiak tablet eta smartphone bidez banatzen direlarik gehienbat; eta laugarrena da une honetan bizi duguna, hau da, edozein elementu adimentsu bihurtzen duena, eta berdin aplikatzen zaio industriari, eraikuntzari, logistikari, energiari, mugikortasunari, osasunari nahiz gure bizitzako beste edozein alderdiri“.

Alemaniako patronal teknologikoko ordezkariak azaldu du Internet esparru sozial guztietara hedatzera daraman prozesu honen arrazoia dela “orain ez ditugula nahi masiboki fabrikatutako produktuak, baizik indibidualizatuak eta gure gustu eta premia berezietara egokituak”. Zentzu horretan -jarraitu du- berdin dio zein produktu den, sorgailu eolikoak nahiz kontsumoko ondasunak, baina bezeroen datuak bildu behar dira beti bere premiei erantzuteko“.

Bestalde, Dorst-ek adierazi du langile gabeko lantegien ideia “80ko hamardakoa dela, roboten iraultza nagusi zenekoa, baina gaur egun langilea lantokian dago, nahiz eta kopuru txikiagoan”. Zentzu horretan, esan du bukatzeko, “sartuak gara Laugarren Iraultza Industrialean, hau da, automatizazioaren aroan, eta aro horrek zerikusi gehiago du Internetekin eta sofwarearekin ezen ez robotekin”.

Helburuak eta euskal estrategia

Basque Industry 4.0 jardunaldiak indartu egin nahi du Eusko Jaurlaritzak eta euskal industriak egin duten apustua enpresetan 4.0 industria garatzeko, eta bertan ikusiko dira zeintzuk diren Euskadik EBko RIS3 Espezializazio Adimenduneko estrategia lideratzen jarraitzeko ezarri dituen lehentasunak, kontuan izanik gure kasuan estrategia hori hiru alderdi hauetan oinarritzen dela: Fabrikazio Aurreratua, Energia eta Bio-osasuna. Eusko Jaurlaritza Europako administrazio aitzindarietako bat da EBko zuzentarauak aplikatzen. Zuzentarau horiek beharrezko jotzen dute baliabideak eta inbertsioak kontzentratzea lehendik existitzen diren produkzio gaitasunekin eta eskualde edo herrialde bakoitzeko potentzialtasunekin sinergia argiak sor daitezkeen eremuetan.

Jardunaldian hogei ekitaldi egin dira, zeintzuetan puntako enpresek eta Euskadiko teknologi zentroek aukera izan duten nazioarteko esperientziak eta kasu arrakastatsuak azaltzeko. Horrez gain, tailerrak eta erakusketa-gune bat ere antolatu dira, 4.0 industriaren esparruan lanean ari diren euskal konpainien adibide praktikoak erakusteko.

Eguerdian bertaratuek aukera izan dute Netwokinga egiteko eta denen arteko harreman-sarea sustatzeko. Arratsaldez, parte-hartzaileek bertatik bertara ezagutuko dute nola aplikatu den 4.0 Industria ekintzaileek sortutako enpresetan eta beste enpresa batzuen barruan sortutakoetan (barnekintzailetza). “Barnekintzailetza 4.0 Industriaren esparruan” izenburupean, hainbat enpresaren kasuak ezagutu ahal izango dira, besteak beste, hauenak: Meteo for Energy, Addimen, Airstudio, Farsens, Isetic Technology, Kiro Robotics eta Pulsar Concept.

Jardunaldian zehar, erakusketa-gune bat egon da ikusgai Euskalduna Jauregian. Areto txiki bat da, non puntako euskal enpresek kasu errealen bidez azaldu duten nola integratu dituzten EIKTak beren produkzio prozesuetan eta zein lehiakortasun abantaila lortu dituzten. Guztira 16 stand egon dira, ondoko hauen ardurapean: Tecnalia, IK4, AFM makina-erreminta patronala, Pixel Sistemas, Nexmachina, Dimension Data, Mizar Additive, Sisteplant, Semantic Systems, Meteo for Energy, Gaia, Tumaker, Sernivel3, Azkenmedia Virtual Solutions, Optimus 3D eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke